Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, sei urteko espetxe eta inhabilitazio zigorra bete zuen Iñaki Igerategik, eta iazko otsailean atera zen kartzelatik. Suhiltzaile lanpostura itzultzeko eskaera egin zuen preso politiko ohiak; Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, ukatu egin zion itzultzeko aukera, inhabilitatuta zegoela argudiatuz. Aldundiaren erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Igerategik, eta maiatzaren 15ean izan zen epaiketa, Gipuzkoako Administrazio Auzitegian (Donostia).
LABen esanetan, epaiketan "argi gelditu zen Aldundiak
ez zuela argudio juridikorik" Igerategi suhiltzaile lanpostutik kaleratzeko. Izan ere, Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren arabera, ez dagokio Diputazioari inhabilitazioa gauzatzeko erabakia hartzea. Beraz, Aldundiak preso politiko ohia suhiltzaile modura onartu beharko du berriz, eta bere lanpostura itzultzeko aukera izango du.
Euskal preso politikoei askotan ukatu izan diete, adibidez, kartzelatik irtetean dagokien langabezia saria ere. Igerategiren kasuan, Administrazio Auzitegiaren ebazpen "argia" ikusita, helegiterik ez jartzeko eta preso politiko ohia berriz ere lanean hastea bermatzeko eskatu dio LABek Diputazioari.