ACTUALIDAD / Centros socialistas
Hurrengo astean aurkeztuko dute jendaurrean Zumaiako Etxape Zentro Sozialista
Urola Kostako Kontseilu Sozialistak iazko azaroan jakinarazi zuen Zentro Sozialista berri bat ireki zuela Zumaian, "proletalgoaren autodefentsarako tresnak sortzeko eta indartzeko" asmoz. Hilabete luzez aritu dira espazio horretan lanean, eta jardunerako prest dago ia. Apirilaren 6rako antolatu dute aurkezpen saio bat: tokia ikusteko eta proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango da.
2023eko martxoaren 28
Hurrengo astean aurkeztuko dute jendaurrean Zumaiako Etxape Zentro Sozialista

Hilabete luzetako lanaren ostean, jardun politiko eta sozialerako prest dago ia Zumaiako (Gipuzkoa) Etxape Zentro Sozialista. Urola Kostako Kontseilu Sozialistak iazko azaroan azaldu zuen Aita Mari auzuneko 16. zenbakian dagoen eraikina birjabetu zuela, Zentro Sozialista bilakatzeko. Iraganean Eroskik zeukan denda bat han, baina urteak egin ditu hutsik eta erabilerarik gabe. Eroskirekin elkarrizketak irekitzea lortu ostean, Zentro Sozialista egonkortzea erdietsi zuten Kontseilu Sozialistako kideek: Eroskik birjabetzearen kontrako salaketa atzera botatzea eta eraikinaren erabilera Kontseilu Sozialistaren esku geratzea lortu zuten, zehazki.

Ordutik, eraikina egokitzeko eta Zentro Sozialista bihurtzeko lanetan jardun du Mugimendu Sozialistak, Zumaiako hainbat bizilagunekin eskuz esku. Eta lan horren guztiaren emaitza argitara aterako dute laster: apirilaren 6an aurkeztuko dute Etxape berritua jendaurrean, aurkezpen saio baten bidez.

12:00etan Zentro Sozialistara bertaratzera deitu dute, eta, tokia ikusteaz gain, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango da. Bazkaria eskainiko dute gero, eta kontzertu akustiko bat ere antolatu dute bazkariaren osterako.

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak "proletalgoaren autodefentsarako tresnak sortzeko eta indartzeko" asmoz ireki zuen Zentro Sozialista. Besteak beste, "autodefentsa eta aholkularitza laboralerako bulegoak, oinarrizko produktuen bilketak eta formakuntza politikoa sustatzeko espazioak" jarriko dituzte martxan; epe motzean, euskarazko mintzapraktika saioak eskainiko dituzte han.