ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/12 11:06

Azken asteotan, hotz-bolada betean, 100 pertsonak baino gehiagok kalean igaro behar izan dute gaua Iruñean (Nafarroa). Bertako hainbat kolektibok emandako datuen arabera, etxerik gabeko 270 bat lagun bizi dira hirian, eta horietatik 100 inguruk, migrante gazteak gehienak, kalean egin behar izaten dute gaua, baliabide publikoetatik kanpo geratzen baitira. Arazo horri aurre egiteko, udalak hotzaren aurkako protokolo bat jarri zuen martxan aurreko hilean, baina, baztertzailea dela kritikatu zuten hainbat elkartek: aterpetxe batean hartzeko, hirian gutxienez urtebetez erroldatuta egon izana exijitzen du araudiak, nahiz eta etxerik gabeko pertsona ugarik izaten dituzten erroldatzeko zailtasun eta traba handiak.

Aurreko igandean, abenduaren 8an, Emergentziazko Laguntza Humanitariorako Protokoloa sartu zuen indarrean Iruñeko Udalak. Hotzaren kontrako protokoloak artatzen ez dituen pertsonei bideratuta dago, hau da, erroldatuta ez daudenei edo urtebete egin ez dutenei. 94 plaza gehiago eskaintzen ditu larrialdi-protokoloak, egun zehatz batzuetarako, Jesus eta Maria erromesentzako aterpetxera ere eramaten baitituzte etxerik gabeko pertsonak, errolda- edo antzinatasun-irizpideak kontuan izan gabe.

Araudi berri hori, hala ere, muturrekotzat jotako egoeretan bakarrik aplikatuko dute, eta behin-behineko adabaki bat besterik ez da. Udalak berak txosten batean adierazi duenez, "tenperatura baxuen ondorioz aktibatuko da", alegia, hainbat egunez, 1º-koa edo baxuagoa izan bada tenperatura minimoa, eta 5º-koa baino baxuagoa tenperatura maximoa. Uholdezko urak edo elurte "gogorrak" ere barne hartzen ditu larrialdi-protokoloak. Dena den, etxerik gabeko pertsonek 08:15etatik 12:30era bitartean utzi beharko dute aterpetxea, eta gosaria, ogitarteko bat eta ur-botila bat besterik ez dituzte jasoko.

Gaur, ostegunez, udalak indargabetu egingo du larrialdietarako protokolo hori, hainbat kolektibok aurreikusi dutenez. Igandean zabaldu zuten Jesus eta Maria aterpetxea etxerik gabeko pertsonentzat, tenperatura baxuengatik eta euri-jasa ikaragarriagatik, baina susmoa dute plaza horiek gaur bertan utziko dituztela bertan behera, aipatutako baldintzak beteko ez direlako. Hotzak, ordea, ez ditu kaleak utziko: asteburuan -1º eta 1º artean egingo du Iruñean.

Etxerik gabeko pertsonen babesgabetasunaren kontra

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Paris 365, Haritu Etxebizitza Sindikatua, Lantxotegi, PIM-MIG, Salhaketa eta beste hainbat kolektibok prentsaurrekoa egin dute gaur arratsaldean, udaletxe aurrean. Bat egin dute etxerik gabeko pertsonek "sufritzen dituzten babesgabetasuna eta arriskua" salatzeko, eta exijitzeko irekita manten dezatela Jesus eta Maria aterpetxea, "alternatiba egonkorrak lortu arte".

Nabarmendu dute aterpetxeetan "sartzeko arauak ohiko erabileran oinarritzen" direla, eta hotz-boladen aurkako protokoloak "sabaia jo" duela jadanik. Aparteko baliabideak erabili ahal izateko, gainera, "muturreko arriskuak" egon behar direla kritikatu dute, eta "administrazioaren koordinazio falta" nabarmena izaten dela baliabide publiko horiek eskaintzeko eta bermatzeko orduan.

Behin-behineko logika "alderantzikatu" behar dela iritzita, aldarrikatu dute "utzi" egin behar zaiola "epe luzeko planak gauzatzea itxoiteari". Hala, "euste- eta kanporatze-" praktiken aurka eta oinarrizko eskubideak bermatzearen alde egin dute. Joseba Asiron alkateak (EH Bildu) igandean adierazi zuen "ezaguna" omen dela beste herri batzuetan "Iruñera joatea gomendatzen dietela" etxerik gabeko pertsonei, baina kolokan jarri dute hori gaurko agerraldian.

Udala seinalatzeaz gain, gogoan izan dute Nafarroako Gobernuak etxerik gabeko pertsonak artatzeko ardura duela berez, baina "entzungor" egiten diola "egiturazko arazo bati". Hala, etxerik gabeko pertsonek urte osoan zehar aterpe bat eta mantenua izateko neurriak exijitu dituzte, baina, epe motzean, Jesus eta Maria aterpetxea zabalik manten dezatela eskatu dute, epe luzeko soluzioak aurkitu bitartean.

NO HAY COMENTARIOS