ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Indar polizialak gaztetxean sartu diren unea. Argazkia: Hondarribiko Gaztetxea
2020/03/05 11:08

Bete egin dira Hondarribiko Gaztetxeko kideen aurreikuspenak, eta gaur, martxoak 5, izan da gaztetxearen desalojoa. Ertzaintza goizeko aurreneko orduan bertaratu da Egiluz jauregi ingurura, eta kalea moztu dute hainbat patruilak. Gaztetxearen atzeko aldetik sartzen saiatu ostean, ate nagusiko sarraila aldatu dute indar polizialek. Azkenean, kolpeka atea behera botatzea lortu eta barrura sartu dira, "bortizkeria handiarekin".

Barruan zeuden gaztetxeko hainbat kide irtenarazi dituzte ertzainek, 11:00ak aldera, baina ez diete prozedura judizialaren inguruko inongo azalpenik eman. Dagoeneko alde egin dute polizia gehienek, baina eraikin barruan jarraitzen dute batzuek, legezko jabeekin eta epaitegiko langileekin batera.

Otsailean jakinarazi zuten gaztetxeko kideek espazioa husteko agindua jaso zutela, agerraldi batean. Izan ere, abenduan jakin zuten martxan zela gaztetxearen aurkako prozedura judizial berria, desalojo arriskuari bide egin ziona. Aurreko urteko apirilean birjabetu zuten Egiluz jauregia Hondarribian, gaztetxe bilakatzeko.

Bi identifikatu eta mehatxuak kanpoaldean

Gaur, gaztetxeak desalojoaren berri eman duen unean, pixkanaka jendea bertaratu da eraikin ingurura, gaztetxeari eta bertan zeuden kideei babesa adieraztera. Gertatzen ari zena mugikorrarekin grabatzen ari zen pertsona baten aurka oldartu da Ertzaintza; gailua kentzen saiatu dira, eta gero, identifikatu egin dute.

Beranduago beste lagun bat ere identifikatu dute, ustez, indar polizialek kokatutako zinta ikutzeagatik.

Bestalde, jauregiaren kanpoaldean zeuden hainbat pertsonari mehatxu egin diete ertzainek: salatu egingo dituztela esan dute, errepidean egoteagatik.

Deialdiak datozen egunetan

Hondarribiko Gaztetxeko kideek hainbat deialdi iragarri dituzte datozen ordu zein egunetarako. Gaur arratsaldean izango da lehenengoa: elkarretaratzea deitu dute, "desalojoa eta bitartean eman diren erasoak" salatzeko. 19:15ean jarri dute hitzordua, Gipuzkoa plazan.

NO HAY COMENTARIOS