Gutun bidez jakin dute Hondarribiko Gaztetxeko kideek martxan dela eraikina husteko prozedura judiziala. Eliza da Egiluz jauregi modura ezaguna den espazioaren legezko jabea; Acción Católica izeneko taldea hain zuzen, eta hark abiatu du prozedura berria, bigarrena. Herriko hainbat gaztek birjabetu zuten eraikina duela zortzi hilabete, gaztetxe modura egokitzeko eta martxan jartzeko. Martxan den auzibidearekin, baina, une honetan gaztetxea desalojo arriskuan dagoela ohartarazi dute gaztetxeko kideek.
Apiriletik, askotariko "erasoak" jasan dituztela salatu dute; hala nola, "identifikazioak, mehatxuak eta epaiketak". Apirilean lau lagun auzipetu eta epaitu zituzten birjabetzearen harira, "delitu arinak" leporatuta. Gerora, baina, kargugabetu egin zituzten. Orduko hartan, epaileak ebatzi zuen ez zela deliturik izan Egiluz jauregiaren birjabetzean.
Bide judizialaren mehatxua, beste behin
"Elizak eraikina berreskuratzeko ireki omen du prozedura, baina zer berreskuratzeko? Eraikin huts bat, zikinkeria pilatu besterik egingo ez duena?", salatu dute gaztetxeko kideek. Izan ere, azaldu dute "hala aurkitu" zutela espazioa birjabetu zuten egunean, eta "ondoren egindako lan guztiarekin konpondu, garbitu, zaindu eta erabilgarri utzi" zutela: "Gaztetxe bihurtu genuen".
Gaztetxeen aldeko hautua eta elkartasuna
Hondarribiko Gaztetxeko kideek azpimarra jarri diote "gaztetxeen izaerari"; "harreman osasuntsuen eraikuntza, lanketa politikoa, auzoarekiko lotura eta errespetua, eta bestelako printzipioetan oinarritu" ahal izatea ahalbidetzen dutela adieraziz.
"Alienaziora eta miseriara kondenatzen gaituen sisteman, gure espazioak mehatxua dira kapitalarentzat": hala kokatu dute euren azaletan une honetan bizi duten desalojo arriskua. "Gure aurkako erasoa ez da modu isolatuan ematen", gehitu dute, eta gogoan izan dute Zizurkilgo (Gipuzkoa) Kaxilda gaztetxea, besteak beste. "Ez gara soilik haiekiko elkartasun keinuetara mugatuko; haien fronte berdinean kokatzen gara, bat eginez indartsuago garelako, elkartasuna antolatu egin behar dugulako".
Aurrera begira
Mehatxu berriaren aurrean, "aurkakotasuna erakutsi" eta "gaztetxeari babesa ematera" dei egin dute Hondarribiko Gaztetxekoek, baita datozen asteetan antolatuko dituzten ekimenetan parte hartzera ere. "Lanean jarraituko dugu".