ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Reuters
2024/11/13 10:09

Amaia Egañak 53 urte zituen bere etxeko balkoitik jauzi egin zuenean, Barakaldon (Bizkaia). Etxegabetu egin behar zuten, eta kaleratze-gutuna jaso aurretik suizidatu zen: bere etxeko eskailerak igotzen ari zen gutuna eman behar zion segizio judiziala. Egañak hipoteka-kreditu bat eskatu zuen bere garaian La Caixan, eta zorretan zegoen entitate horrekin. Hala, La Caixa izan zen andrea bere etxetik bota zezatela eskatu zuena. 2012ko azaroaren 9an suizidatu zen Egaña, eta oraintsu bete dira hamabi urte ordutik.

Bere heriotzaren urteurrenean, protesta bat egin dute Barakaldon kolektibo batzuek: Argitan, Berri-Otxoak eta hainbat sindikatuk, hain zuzen ere. Gogorarazi dutenez, Egañak bere buruaz beste egin zuenetik, Barakaldon bakarrik, beste 2.404 familia etxegabetu dituzte gutxienez. Azken urtean, 179 etxe-kaleratze izan dira, alokairuei lotuta ia guztiak: %88. Ohartarazi dute, gainera, etxerik gabeko 100 pertsona bizi direla Barakaldoko kaleetan.

"Hamabi urte igaro ondoren, etxegabetzeek indarrean jarraitzen dute, eta Barakaldoko familiek ez dute bizitoki-aukerarik", salatu zuten protestaren deitzaileek aurreko asteburuan.

Egañaren suizidioaren ostean, 2013an, etxegabetzeen kontrako protokolo bat adostu zuten Eusko Jaurlaritzak, Eudel elkarteak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Paper errea da, ordea: besteak beste, protokolo horrek dio gizarte-zerbitzuek "berehalako erantzun bat eta presazko tramitatze bat" bermatu behar dituztela, "etxegabetze batek kaltetutako pertsona eta familia guztiei bizitoki-alternatiba bat ziurtatzeko".

Etxegabetze bat atzo bertan, Astrabuduan

Baraldotik kilometro gutxira, Astrabuduan (Erandio, Bizkaia), familia bat etxegabetu zuten atzo bertan. Mailegu-enpresa batek iruzur egin zion 70 urteko andre bati, eta horregatik galdu du bere etxea. Sekulako polizia-dispositiboa antolatu zuen Ertzaintzak etxe-kaleratzea gauzatzeko, eta protestan ari zirenen kontra oldartu zen.

NO HAY COMENTARIOS