ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Hainbat pertsona migratu Lampedusan (Italia) atxikirik.
2024/04/11 11:11

Europako Parlamentuak asteazken honetan eman dio oniritzia Migrazioari eta Asiloari buruzko Itunari. Zortzi urtez luzatu dira eztabaidak, baina bide egin diote jada migrazio-politika gogortzeko neurri-sortari. Iazko abenduan hartu zuen forma erreformak, aurreneko akordio batekin.

Orain, Europako Parlamentuan bozketa bidez onartu ondoren, Europako Kontseiluan aterako dituzte mahaira neurri berriak, eta estatu bakoitzak ere formalki egin beharko ditu bere. Horietan guztietan ere onesten badituzte, 2026. urtean sartuko da indarrean migrazio-politika berria.

Itun berriaren bidez, hain justu, hamar lege-proiektu bozkatu dituzte eurodiputatuek. Neurri horiek guztiek eguneratuko dute Europar Batasuneko migrazio-politika, eta zenbait lurraldetatik immigratzea zailduko dute. "Historia egin da. Europar Batasunean migrazioari eta asiloari heltzeko lege-esparru sendo bat eman dugu", esan du parlamentuko presidente Roberta Metsolak.

Kanpo-mugak indartu, deportazioak azkartu

Hainbat lurraldetatik Europara mugitzea zailduko dute akordio berriarekin, eta pertsona migratuen kontra erabiltzen diren legez kanpoko praktikak erraztuko dituzte. Izan ere, zorroztu egingo dute kontrola Europar Batasuneko kanpo-mugetan, eta errazagoak izango dira berehalako deportazioak. Mugetan, pertsona migratuak kontrolatzeko derrigorrezko protokolo bat egongo da, eta beharrezkoa izango da haiek miatzea eta arakatzea, ustez, ea zer prozedura ezarriko zaien zehazteko.

Erabakitzen bada pertsona batek, dena delako arrazoia aitzakiatzat hartuta, ezin duela muga igaro, atxikirik izango dute. Dagoeneko egon badauden atxikitze-zentroak erabiliko omen dituzte horretarako, eta, bitartean, martxan jarriko dituzte haiek deportatzeko prozedurak. Asilo-eskaerak onartzeko edo ukatzeko prozesua azkartu egingo dute, hamabi astera.

Asmoa da, gainera, jatorriaren arabera, pertsona batzuek zuzenean debekatuta izatea Europar Batasuneko herrialdeetara sartzea. "Hirugarren Herrialde Seguruen" zerrenda bat egingo du estatu bakoitzak, zehazteko zein herrialdetako pertsonei utziko dieten sartzen, eta zein herrialdetakoei ez; alegia, zer nazionalitateko biztanleei ukatuko dieten zuzenean asilo-eskaera.

Estatuen arteko lankidetza

Itun berriaren oinarrietako bat da estatu kideen arteko "elkartasuna" inposatzea; derrigorrezkoa izango dena, baina "malgua". Orain arte aurreratu izan duten modura, estaturen batean immigrazio-fluxu handia dagoela uste bada, "laguntza eman" beharko diote gainerako herrialdeek. Horretarako bi modu izango dituzte: pertsona migratu batzuk zuzenean euren lurraldeetan hartzea edo, "baztertzen" duten pertsona migratu bakoitzeko, konpentsazio tasatu bat ordaintzea (isun bat izango bailitzan).

Desadostasuna

161 kolektibok eskatu zieten eurodiputatuei ez zezatela itun berria onartu, salatuta pertsona migratuen oinarrizko eskubideen kontra doala. Euskal Herrian, esaterako, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak izan du hizpide hitzarmena. Joan den asteazkenean bertan, elkarretaratze bat egin zuen Gasteizen (Araba), itun berria salatzeko.

Plataformako kideek ohartarazi dute neurri-sortak "ondorio katastrofikoak" izango dituela "jazarpenetatik, gerretatik, espoliazioetatik, genozidioetatik eta abarretatik ihesi doazen milioika pertsonen, familien eta haurren bizitzetan". Seinalatu dute, gainera, "eskuin muturraren agenda" bere egin dutela Europako agintaritzek, "pertsona migratuen kontrako urratzerik bortitzenak eta errepresiboenak legeztatuz".

NO HAY COMENTARIOS