AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Salto
2023/12/20 10:34

Badirudi forma hartu duela Europako Migrazioari eta Asiloari buruzko Itunak: gaur bertan lortu dute neurriari buruzko akordio bat Europako Parlamentuko eta Kontseiluko negoziatzaileek. Horrekin, beraz, zehaztuta geratu da, orokorrean, zer politika bateratu jarraituko dituzten Europar Batasuneko estatuek immigrazioari dagokionez. "Historikoa izango da 2023ko abenduaren 20a", Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentearen arabera.

Europako Parlamentuaren osoko bilkuran onartu behar dute orain immigrazioari buruzko ituna, eta 27 estatu-kideen onespena ere beharko du, modu formalean ezarri ahal izateko.

Kontrol are zorrotzagoa eta debekuak

Itunaren norabidea argi dago: hainbat lurraldetatik Europara mugitzea zailduko dute, eta pertsona migratuen kontrako legez kanpoko praktikak erraztuko dituzte. Aurretik iragarri modura, areagotu egingo dute kontrola Europar Batasuneko kanpo-mugetan, eta berehalako deportazioak erraztuko dituzte. Frontexeko polizia-indarrek erabateko askatasuna izango dute.

Jatorriaren arabera, pertsona batzuek de facto izango dute debekatuta Europar Batasuneko herrialdeetara sartzea. Izan ere, itxura denez, "Hirugarren Herrialde Seguruen" zerrenda bat egingo du estatu-kide bakoitzak. Modu horretan zehaztuko dute zein herrialdetako pertsona migratuei utziko dieten sartzen, eta zein herrialdetakoei ez; eta, beraz, zer nazionalitateko biztanleei ukatuko dieten zuzenean asilo-eskaera.

Mugetan atzemandako pertsona migratzaile guztiak identifikatu eta kontrolatuko dituzte, euren asilo-eskaerei buruzko erabakiak hartu bitartean. Europar Batasunera sartzen utzi aurretik, aurretiazko kontrol zorrotz bat egingo diete, Europako agintaritzen esanetan, muga igarotzen utziko ez dieten pertsonak ahalik eta azkarren identifikatzeko.

Sartzeko baldintzak betetzen diren edo ez ebazteko kontrolean, pertsona migratuen datu biometrikoak eta "osasun- eta segurtasun-kontrolak" hartuko dituzte kontuan agintaritzek. Kontrol-prozesu horrek zazpi egun iraungo du gehienez, teorian. Datu-baseek, besteak beste, pertsona migratuen aurpegien irudiak edota hatz-markak jasoko dituzte, 6 urtetik aurrerako haurrenak barne (adin horretako pertsonak ere ez dira deportazioetatik salbuetsita egongo). Gobernuek, gainera, datu-base horietan adierazi ahal izango dute ea irizten duten pertsona migratu bakoitza "mehatxu bat" den "segurtasunerako", edo ea "biolentoa" den.

Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) batzuek salatu dute pertsona migratuen asilo-eskaerei buruzko erabakiak halako prozedura azkarren bidez hartuko direla, mugez bestaldeko prozeduretan, are modu nabarmenagoan. Gasteizen (Araba) protesta bat egin dute berriki BachuƩ, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Amnistia Internazionala erakundeek, Gobernu Ordezkariordetza aurrean. Europako Migraziori eta Asiloari buruzko Itunaren bidez, pertsona migratuen kontra dagoeneko izaten diren hainbat praktika "legeztatu eta zabaldu" egingo direla salatu dute.

"Elkartasun malgua"

Gainera, oinarri nagusi bat dauka itunak: "elkartasun malgua" Europako estatu-kideen artean. Horrekin, estaturen batean immigrazio-fluxu handia dagoela irizten bada, "laguntza eman" beharko diote gainerako herrialdeek; pertsona migratu batzuk bere lurraldeetan hartuta edo, "baztertzen" duen pertsona migratu bakoitzeko, konpentsazio tasatu bat ordainduta (isun bat izango bailitzan). Eman dituzten datuen arabera, estatu batek errefuxiatu bat hartzeari uko egiten badio, 20.000 euroko konpentsazio bat ordaindu beharko du, edo balio horretako fondoak edota baliabideak ahalbidetu beharko ditu.

Frantzia, pertsona migratuak jazartzeko aurrea hartzen

Europar Batasunak immigrazioa zailtzeko eta pertsona migratuen kontrako neurriak errazteko bidea markatu duen arren, iniziatiba handia erakutsi du Frantziako Gobernuak aurrea hartzeko: gogortu egin du immigrazioari buruzko legea, hasieran mahaira ateratakoa baino are bertsio gogorrago batekin. Parlamentuko bi ganberek atzo, hilaren 19an, eman zuten ontzat lege-proiektu polemikoa.

Immigrazio-mugimenduen kontrola areagotzeaz eta deportazioak errazteaz gain, oinarri argi bat dauka lege-proiektuak, aurretik jakinarazi bezala: pertsona migratuei gizarte-laguntza mugatzea eta kentzea. Hala nola, beharrezko paper eta agiri guztiak izan arren, europarrak ez diren biztanleei baldintza gogorrak jarri nahi dizkiete laguntza sozialak jasotzeko. "Komunitatetik kanpo" dauden (soldatapeko lanean ari ez diren) migratzaile ez-europarrek bost urtez itxaron beharko dute laguntza sozialak eskatzeko (gaur egun, sei hilabetekoa da gutxieneko epe hori); esaterako, etxebizitzari lotutako laguntzak eskatzeko.

Gainera, asilo-eskaera bat eginda daukaten pertsona migratuen kasuan, mugatu egin dute lan egiteko izango duten berehalako eskubidea. Gaur egun, sei hilabeteko epean lortzen dute eskubide hori. Ikasle migratuen kasuan ere gogortu egin dituzte lanerako sarbideari buruzko baldintzak.

Beharrezko agiri guztiak legez eta eguneratuta ez dituzten pertsonen kasuan, euren egoera soldatapeko lanari lotuta legeztatzen jarraituko dute, baina muga bat jarri dute: urtean 10.000 langile. Dena den, langile falta dagoen sektoreetan ari badira, ez dute baztertu muga hori gainditzea eta erraztasunak ematea euren egoera legeztatzeko.

Arku parlamentarioko sektorerik eskuindarrenek, gainera, asmo argi bat erakutsi dute: paperik gabeko pertsonei osasun-arreta kentzea. Badirudi gobernuak konpromisoa hartu duela 2024. urtearen hasieran heltzeko gai horri, norabide horri helduta.

EZ DAGO IRUZKINIK