ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / BBC
2023/10/30 19:00

Ia hilabete igaro da Palestinako erresistentziak kontraerasora jo zuenetik eta sionistek, ofizialki gerra-egoera deklaratuta, Gazako Zerrenda sarraskitzeari ekin ziotenetik. Ordutik, gau eta egun bonbardatu dute Gaza, eta lurretik ere sartu dira jada militar israeldarrak. Urriaren 7tik hona, 8.000 palestinar baino gehiago erail eta 21.000 baino gehiago zauritu ditu Israelek, eta erabateko blokeoa ezarri du Gazako Zerrendan: etenda daude argindarra, erregai eta ur hornidura, mediku-baliabideen bidalketa, eta abar.

Blokeo horren barruan, Gazako telekomunikazio-bideak eta Internet konexioa ere behin eta berriz moztu dituzte sionistek. Gazan, komunikabide palestinarren instalazioei eta egoitzei eraso egin die Israelek; zehazki, 48 eraso izan dira.

Kazetariak ere, erailak eta jazarriak

Eta ez hori bakarrik: Palestinan, gutxienez 31 kazetari erail dituzte sionistek hilabete honetan. Dena den, jakinarazi dute gehiago izan daitezkeela urrian bizia galdu duten kazetariak; bai eta atxilotuta, desagertuta edo mehatxupean daudenak ere. Azken egunetan, bereziki polemikoa izan da Reuters-eko kazetari baten hilketa Libanon, frogatu baitute Israelgo indarrek erail zutela bonbardaketa bidez.

Sona handia izan dute, bestalde, kazetari palestinar batzuek sionisten partetik jasandako mehatxuek ere, telefono-dei bidez esaterako, sarraskiaren berri eman ez dezaten (kazetarietako batek zuzenean argitaratu eta eman zituen mehatxu horiek, besteak beste Palestina Hoy-k erakutsi zuen modura). Israelgo kazetari batek ere, Israel Freyk, sionisten mehatxuak eta jazarpena pairatu ditu Gazako palestinarrei elkartasuna adierazteagatik; bere etxera gerturatu eta han jazarri zuten ehunka sionistak, salatu duenez.

Kazetarien Babeserako Batzordeak (CPJ, ingelesezko sigletan) azaldu duenez, urrian eraildako kazetari palestinarretako batzuk tiroz hil dituzte Gazako sarraskiaren berri ematen ari zirenean; beste hainbat bonbardaketetan erail dituzte, euren senideen ondoan.

Batzordearen arabera, 2001. urtetik hona, beste 20 kazetari erail dituzte sionistek Palestinan, baina inork ez du heriotza horien ardura bere gain hartu.

Komunikabideak ixteko eskumena

National Public Radio (NPR) hedabideak gogorarazi duenez, Israelek onartu dituen neurri berrien arabera, larrialdi-egoera batean, "atzerriko" komunikabideen itxieran esku hartu dezake Israelgo Komunikazio ministroak, irizten badio hedabide horrek "segurtasun nazionala arriskuan jartzen" duela.

Times of Israel-ek dio helburu argi batekin ezarri zutela neurri hori sionistek: Al Jazeera ixtea. Ministroak seinalatu du jada "Israelen kontrako" jarrera bat "bultzatzen" duela hedabide horrek.

NO HAY COMENTARIOS