Hiru astez bildu gabe egon eta gero, atzo goizean izan zen Gasteizko (Araba) lorezaintzako lan-baldintzei buruzko beste bilera bat Lan-Gatazkak Konpontzeko Borondatezko Prozeduran (PRECO). Gasteizko Udalak azpikontratatutako Enviser enpresaren eta langile-batzordearen arteko azken bilkura, baina, berriz amaitu zen akordiorik gabe, eta borrokan jarraituko du plantillak. Dagoeneko lau hilabetez luzatu den greba mugagabearekin segituko du, lan-baldintzak hobetuko dituen itun propio baten alde.
ESK, ELA eta LAB sindikatuen esanetan, ez zen "aurrerapauso esanguratsurik" izan atzoko negoziazio-saioan. Izan ere, badirudi Enviserrek zertxobait moldatu behar izan duela 2026rako eta 2027rako egindako eskaintza, baina 2028ari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak aurrez egindako proposamena okerragotu duela. Enpresaren arabera, dena den, udala da 2028ko lan-hobekuntzak mugatu nahian ari dena.
Langileen ordezkariek salatu dute "ulergaitza" dela PSOE buru duen udalak ez uztea bertan behera Enviserrekin daukan kontratua, eta larritzat jo dute hurrengo esleipen-kontratuak barne hartuko lituzkeen hobekuntzak mugatu nahian aritzea udal-gobernua. Gainera, jakinarazi dute zerbitzu minimoen xantaiarekin jarraitzen dutela agintaritzek: badirudi grebalariek bete beharreko gutxieneko zerbitzuak areagotu nahi dituztela, bere garaian Jaurlaritzak inposatutakoez harago. Oztopoak oztopo, ia 130 egun daramatzate greban lorezaintzako beharginek.
Irakurri hemen lorezaintzako langileei ekainaren bukaeran egindako elkarrizketa, grebaz, azpikontratazioaz, greba-eskubidearen aurkako erasoaz eta beste.