ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Gasteiz Hoy
2024/02/19 11:22

Osakidetzak azpikontratatutako anbulantzietako langileek gaur jo dute greba mugagabera, euren lan-baldintzen eta bermatzen duten osasun-arretaren defentsan. Hainbat hilabete daramatzate borrokan, eta zenbait exijentzia atera dituzte mahai gainera, lan-baldintzak eta osasun-arreta bera hobetzeko asmoz. Oraingoz, baina, patronalak ez ditu euren exijentziak bete, eta greba mugagabea hastea erabaki dute beharginek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.700 langile inguru dira sektorean.

Eskaeren artean nabarmentzekoa da, esaterako, 2021etik iraungita dagoen hitzarmen kolektiboa berritzea, eta horren bidez ahalbidetzea Kontsumorako Produktuen Indizearen  (KPI) araberako soldata-igoerak. Anbulantzietako materiala eta baliabideak hobetzea ere exijitzen dute langileek; etengabe eskatu dute hori azken urteetan. Gainera, soldata-berdintasuna exijitzen dute Osakidetza barruan: euren baldintzak Osakidetzak zuzenean kontratatutako beharginen baldintzekin pareka ditzatela eskatzen dute, eta jopuntuan jarri dute osasun-sare publikoko azpikontratazioa.

Izan ere, Osakidetzak eskaintzen duen anbulantzia-zerbitzuan, adibidez, %90ekoa da azpikontratazioa: gehiengoa dira, beraz, anbulantzia pribatuak. Azpikontratatutako langileek salatu izan dutenez, euren baldintzak kaskarragoak dira Osakidetzak zuzenean kontratatutako beharginen baldintzekin alderatuta; eta anbulantzietako baliabideek, gainera, sarri ez dituzte beharrezko gutxieneko baldintzak betetzen. La Pau enpresak kudeatzen du pribatizatutako zerbitzuaren gehiengoa, eta Ambulancias Gipuzkoak dauka bere gain zerbitzuaren gainerako zatia.

Kriminalizazioa, atxiloketak eta ukatutako greba eskubidea

Greba mugagabearen atarian jakinarazi zuten langileek urratua izan dela euren greba eskubidea: %100eko "gutxieneko zerbitzuak" inposatu dizkie Eusko Jaurlaritzak. Horretaz gain, gogorra izan da anbulantzietako beharginen borrokak azken hilabeteetan jasan duen seinalatze- eta kriminalizazio-kanpaina; besteak beste, protesta-modura egindako zenbait sabotaje-ekintza aitzakiatzat hartuta. Kanpaina horren barruan, hainbat langile atxilotu eta ikerketapean jarri dituzte polizia-indarrek.

NO HAY COMENTARIOS