AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/01 14:27

Ostegun goizean jakinarazi zuten anbulantzietako bi langile atxilotu zituztela eta ikerketapean daudela beste hiru, ustez, hainbat anbulantziari kalteak eragiteagatik. Iazko azaroan Zorrotzako (Bilbo, Bizkaia) baseko hainbat ibilgailu hondatzea egotzi diete; zehazki, Osakidetzak azpikontratatutako La Pau enpresaren zenbait anbulantziaren gurpilak zulatzea.

Osakidetzak azpikontratatutako anbulantzietako langileek ia bost hilabete daramatzate borrokan, euren lan-baldintzak hobetzearen alde. Nagusiki eskatzen dutena da euren baldintzak Osakidetzak zuzenean kontratatutako beharginen baldintzekin parekatzea, baina, momentuz, ez dituzte euren eskaerak bete.

Bilboko Kontseilu Sozialistak azaldu duenez, langileek salatu dituzten baldintzen artean daude, besteak beste, "langile eta material falta, ibilgailu zaharkituak, zabor-kontratuak eta lanaldi luzeak". Zerbitzu publikoaren gehiengoa dago, une honetan, La Pau taldearen esku; Ambulancias Gipuzkoa enpresaren gain ere jarri zuen zerbitzuaren zati bat Osakidetzak. "La Pauk hasieratik borroka ahultzea izan du helburu, langileen eskubideak etengabe urratuz, langileak jazarriz eta antolakuntza galaraziz", gaineratu du Bilboko Kontseilu Sozialistak.

Gatazka bete-betean, azken hilabeteetan, hainbat anbulantziaren kontrako sabotaje-ekintzak izan dira, protesta modura. Anbulantzietako beharginek jasaten dituzten lan-baldintza kaskarrei eta langileek borrokara jotzeko arrazoiei erreparatu beharrean, patronalak, erakundeek zein iritzi publikoak fokua aldatu dute: kaltetutako ibilgailuei eman diete garrantzia, langileen borroka kriminalizatzeko. Itxura denez, irekita jarraitzen du anbulantzietako protesta-ekintzen ikerketak.

"Funtsezkoa da lan-baldintzen aldeko borrokaren zilegitasuna defendatzea, bizi dugun erasoaldi kapitalistaren aurrean", aldarrikatu du Kontseilu Sozialistak. Hala, "langileon borrokaren kriminalizazioa" salatu eta klase-elkartasuna adierazi die anbulantzietako beharginei.

EZ DAGO IRUZKINIK