ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
'Pobrezia eta askatasun eza borrokatu!' kanpainaren aurkezpena, Garesen.
2024/05/22 11:31

Auzia lantzeko asanblada ugari egin ondoren, Goi Erriberako herrien hustearen aurka mobilizatzeko beharra ikusi du Lizarraldeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS). Beraz, mobilizatzeko deia egin du ekainaren 14rako: Lodosako (Nafarroa) Zezenaren Plazara bertaratzera deitu du, arratsaldeko 20:00etan. Gure herrietan bizi ahal izateko, antolatu eta borrokatu! lelopean aterako dira kalera.

Herrien ustearen arrazoiak, askotarikoak

Goi Erriberako herrien despopulatzea bultzatzen duten hainbat arrazoi nabarmendu ditu Lizarraldeko GKSk. Hasteko, herri horietan ere emantzipatzeko dagoen ezintasuna azpimarratu dute, eta gurasoen etxetik irtetea lortzen duten gazteek "soldata ia osoa etxe-jabeen poltsikoak betetzen" xahutzen dutela. Gainera, Goi Erriberako "zerbitzuen gabezia" arazo larri bat dela azaldu dute, seinalatuta "ekonomikoki errentagarriak" ez izatea dela zerbitzuen desagerpenaren arrazoi nagusia.

Lan-baldintzen okertzea eta lan-prekaritatea, gainera, "eguneroko ogia" dira "goi-ibarreko langileentzat". Zentzu horretan, prekaritateak langile migratuak, gazteak eta emakumeak bereziki "kolpatzen" dituela izan du gogoan GKSk. Gazteen artean kontraturik gabeko lanak, praktika ez-ordainduak, Aldi Baterako Laneko Enpresak eta abar ohikoak direla salatu dute, bai eta gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala %22,8koa dela ere.

Goi Erriberan, zehazki, landaren jabetza "lurjabe gutxi batzuen" eskuetan pilatzen ari dela dio GKSk; eta, langile-klasearen "lan-baldintzak hobetu beharrean", gobernuak bultzatutako "teknologizazio- eta digitalizazio-" neurriek enpresarien etekina handitzen dutela gaitzetsi du.

Hustearen erroa: sistema kapitalista

Krisi kapitalistaren larriagotzea ere seinalatu du Lizarraldeko GKSk. Landa-eremuko arazo horiek guztiak "errentagarritasun ekonomikoa lehenesten" duen sistema ekonomikoaren ondorio direla esan du, baita sistema kapitalistak gizartearen "ongizate unibertsalaren gainetik" etekina lehenesten duela ere.

Ondorioz, arazo horien konponbidea ezin da lortu "politikari profesionalen eta enpresa handien" eskutik, GKSk nabarmendu duenez. Haiek guztiak, hain zuzen ere, "aipatutako arazoen oinarrizko baldintzak bultzatu dituzten arduradunak" direla oroitarazi du.

Horren aurrean, beraz, "behar sozialak behar ekonomikoen gainetik jarriko" dituen gizarte-eredu bat aldarrikatuko du ekainean Lizarraldeko GKSk. Ezinbestekotzat jo ditu langile-klasearen antolakuntza eta borroka independentea.

NO HAY COMENTARIOS