ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/14 14:37

Gernika (Bizkaia) Bizkaiko Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen elkargune izan zen aurreko larunbatean, uztailaren 12an. Egun osoko egitarau bat prestatu zuten hainbat asanbladatako kideek, Gaztetxeak aurrera! lelopean. "Gaur ardatz izan dira erresistentzia, elkarlana eta eztabaida kolektiboa", adierazi zuten antolatzaileek egunaren amaieran: "Espero dugu gaurko egunak ekarpena egin izana Bizkaian Gaztetxeak eta Gazte Asanbladak indartzeko eta gure arteko harremanak estutzeko".

11:00etan izan zen harrera Gernikako erdigunean, eta 11:30ean eman zioten hasiera egitarauari, "Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen arteko eztabaida" batekin. Hainbat galdera hartu zituzten oinarri modura gogoeta hori egiteko: "Zer dira Gaztetxe eta Gazte Asanbladak? Norentzat dira? Zein ekarpen egin dezakete gaur egun?". Bazkaltzeko tartea izan zen horren ostean, eta 11:00etan jarraitu zuten eguneko saioekin, "espazioaz hausnartzeko" mahai-inguru batekin. Bertan parte hartu zuten Durangoko Kaletik Gaztetxera asanbladak, Basauriko Txarraska Gaztetxeak, Galdakaoko Izetu asanbladak eta Zornotzako Matrailu Gaztetxeak.

Mobilizazioa arratsaldean

Mahai-inguruaren ondoren, 19:30ean hain zuzen ere, Gaztetxeen aldeko manifestazio bat egin zuten gazteek, Merkuriotik abiatuta. Gaztetxeak aurrera! aldarritzat hartuta zeharkatu zituzten kaleak, eta Gernikako Gaztetxe berriaren aurrean amaitu zen ibilbidea. Bertan hartu zuten hitza Bizkaiko hainbat kidek, eta antolatzearen aldeko oihu argi bat egin zuten: "Gaztetxeen aurkako oldarraldi honen testuinguruan, guk Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen aldeko hautua egiten dugu; bizimodu prekarioaren, despolitizazioaren, pentsamendu belizistaren eta diskurtso erreakzionarioen aurka, gazteon artean ideia askatzaileak eta antolakuntzaren kultura zabaltzearen alde".

Horiek horrela, "konpromezua hartu" zuten "diruaren logikatik kanpo dagoen aisialdi alternatibo bat bultzatzeko, zapalkuntzen aurka egiteko eta gure herri eta auzoetako gazteentzat gune erosoak sortzeko eta mantentzeko", eta horri lotuta aldarrikatu zuten Gaztetxeen aldeko lana. "Esaten dute gazteok ez daukagula ezerekiko konpromezurik, ez garela arduratsuak, ez zaigula ezer inporta; baina guk egunero erakusten dugu, herriz herri, auzoz auzo, asanbladaz asanblada, dena ez dela indibidualismoa, eta badagoela mundu hobe baten alde egin nahi duenik. Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen bidez diru-goseak agintzen ez duen mundu bat imajina dezakegu, zapalkuntza gabeko mundu bat", azaldu zuten.

Gaztetxeen defentsaren beharra

Kezka handiz nabarmendu zuten, dena den, "gazteon artean gero eta indar handiagoa hartzen" ari direla "matxismoa, arrazakeria, homofobia, transfobia" eta abar; eta, "gorakada erreakzionarioaren" barruan, "okupazioaren kriminalizazioa" ere izaten ari dela. "Gaur egungoa bezalako krisi garaian, jabetza pribatuaren defentsa inoiz baino garrantzitsuagoa bihurtzen da, ongizate kolektiboaren eta beste gauza guztien gainetik. Horren adibide da duela bi aste lehen aldiz aplikatu zen EAJren okupazioaren aurkako lege berria, Durangoko Gaztetxearen aurka", salatu zuten.

Gogoan izan zituzten, bestalde, azken hilabeteetan Bizkaiko hainbat Gaztetxeren aurka izandako erasoak, Sestaoko Txirbilenearen eta Bilboko Etxarri II Gaztetxearen desalojoak kasu. Etxarriren desalojoaren harira, espazioaren "defentsa eredugarria" nabarmendu zuten: "Ehunka gaztek beraien gorputzak jarri zituzten foam piloten eta borren aurrean, gure auzoek eta herriek Gaztetxeak behar dituztelako".

Manifestazioaren amaierako hitzaldian parte hartu zuten Durangoko, Zornotzako, Larrabetzuko nahiz Elorrioko Gaztetxeetako kideek. Gaztetxeen aldeko borrokaren isla dira horiek guztiak, egoera aski desberdinean egon arren: Durangoko Gaztetxeak, adibidez, oraintsu ekin dio ibilbideari, joan den ekainean ireki zituztelako bertako ateak; eta Larrabetzuko Hori Baik, berriz, aurten beteko ditu 60 urte. Mobilizazioan, hala, Gaztetxeen alde lanean jarraitzera deitu zuten, baita arriskuan dauden espazioak babestera ere, Zornotzako Matrailu edo Igorreko Kiñu, esaterako. "Erasoen aurrean, elkartasuna eta antolakuntza" aldarrikatu zituzten.

"Gaztetxeetan asko daukagu frogatzeko", gaineratu zuten: "Frogatu behar dugu inposatu nahi digutena baino mundu hobe bat posible dela. Frogatu behar dugu borrokak eta antolakuntzak merezi dutela. Apurka-apurka, gero eta jende gehiagok sinesten du hori gure lanai esker".

NO HAY COMENTARIOS