AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/17 19:47

Gaztetxe berria dauka Durangok (Bizkaia), beste espazio bat birjabetu baitu Kaletik Gaztetxera asanbladak, gaur arratsaldean jakinarazi duenez. Montorreta kaleko 8. zenbakian ireki du Gaztetxea, eta babesa ematera deitu ditu durangar gazteak; "antolatuz gero posible delako" eta "antolatuz soilik delako posible".

Iazko abenduan ere zabaldu zuen Gaztetxe bat asanbladak, lehengo Correosen, baina Durangoko Udalak (EAJ) berehala jarri zuen martxan huste-prozedura. Hala, handik egun gutxira, Gaztetxean sarbide-kontrol bat ezarri eta agindu judizialik gabe hustu zuten espazioa polizia-indarrek.

"Honakoa izan zen udalaren erantzuna: etengabeko kontrol polizialaren bitartez gure jarduna oztopatzea, Polizia durangar gazteon aurka bortizki oldartzera bultzatu eta hura babestea, ilegalki desalojatzea, eta lau asanbladakide salatu eta epaiketara eramatea", ekarri dute gogora gaurkoan: "Argi gelditu da udalak bere interesekoa ez den ororen aurka hartzen duen jarrera".

Borroka ez da bukatu

Kaletik Gaztetxera asanbladak, ordea, lanean segitu du desalojoaren ondoren, eta horren erakusle da bigarren espazio bat ireki izana. "Eraikinetik bota ondoren ere, sekulako indarra erakutsi genuen durangar gazteok, inguruko asanbladekin eta Defentsa Komunitatearekin batera", nabarmendu du: "Gazteon interesen alde borrokan jarraitu dugu, argi baitaukagu espazio baten kudeaketaz borroka ez dela bukatzen. Izan ere, gure borroka espazio baten kudeaketaz haratago doa".

Orain, Gaztetxe berri bat irekitzeko hautua egin dute asanbladako kideek: "Irabazi kapitalistek ardaztuko ez duten aisialdi eredua, denontzat eskuragarriak izango diren arte eta kirol eskaintzak, eta gazteon politizaziorako eta antolakuntza politikorako espazioak sortu nahi ditugu". Eta, horrekin batera, azpimarratu dute "inolako eraso faxista, matxista, arrazista eta LGTBIQ+foborik onartuko ez duen espazioa" ere izango dela Gaztetxea, "eta horiei aurre egiteko baldintzak sortuko dituena".

EZ DAGO IRUZKINIK