ZESTOAKO GAZTETXEA
1994. Zestoako Kultur Etxean ireki zuten Zestoako Gaztetxea.
2019. Gaztetxea herriko Zentrora (Elizondo eraikina izandakoa) lekualdatzeko borrokari ekin zion Zestoako Gazte Asanbladak, leku faltari, irisgarritasunari eta soinu-arazoei aurre egiteko, eta "indarrak biderkatzeko".
Zestoako Udalak (EH Bildu) eta Gazte Asanbladak ondorioztatu zuten Zentroa zela Gaztetxea kokatzeko eraikin egokiena herrian. Udalak esan zuen bere esku zegoena egingo zuela Gaztetxea hara tokialdatu ahal izateko.
2021. Hiruko mahai bat sortu zuten asanbladak, udalak eta Elizak, Gaztetxea Zentrora mugitzeari buruz hitz egiteko. Eliza da eraikinaren legezko jabea.
2023. Elkarrizketa blokeatuta zegoela eta Gaztetxearen lekualdaketa mugarik gabe luzatzen ari zela ikusita, Zentroa okupatu zuten Gazte Asanbladako kideek, Gaztetxe berria han kokatzeko. Otsailean eman zuten horren berri.
Gazte Asanblada harremanetan jarri zen Elizarekin, baina hark ez du eraikinari buruzko akordio bat lortzeko borondaterik izan. Kontrara, salaketa bat aurkeztu zuen Gipuzkoako Gotzaindegiak 2023ko martxoaren 27an, eta martxan jarri zuen Gaztetxearen aurkako prozesu judiziala.
2023ko apirilaren 19an, Zestoako gazte bat epaitu zuten prozesu horren barruan. 2023ko maiatzean, gainera, Elizak mehatxu egin zuen berriro: Gaztetxea utz zezatela esan zien Gazte Asanbladako kideei, eta alde egiteari uko eginez gero, bide judizialarekin aurrera egingo zuela esan zuen.
Bitarte horretan guztian, beste aldera begiratu du Zestoako Udalak.
2024. 2024ko urtarrilaren 24an, Zestoako beste bi gazte epaitu zituzten, Zentroaren birjabetzeari lotuta. Epaileak Gaztetxea husteko agindua eman zuen urtarrilaren 26an, eta maiatzaren 30ean, 6.500 euroko kalte-ordainak ordaintzera behartu zituen gazteak.
Gaztetxearen desalojoaren data joan den ekainaren amaieran zehaztu zuten: uztailaren 19rako agindu dute Langile Kontrolpeko Espazioaren hustea. Gaztetxea denfendatzera deitu dute Gazte Asanbladako kideek.
LIZARRAKO SUGARRA GAZTETXEA
2018. Sugarra Gaztetxea birjabetu zuen Lizarrako Gazte Asanbladak, ekainean. Eraikinak hamar urte zeramatzan hutsik.
2019. UPN udal gobernuan zela, Gaztetxea husteko mehatxua egin zuen.
2020. Gazte Asanbladak egindako presioari esker, aukera ireki zen udal gobernu berriarekin (EH Bildu) eta Nafarroako Gobernuarekin Sugarra Gaztetxeari buruzko lagapen-akordio bat sinatzeko, espazioa Gazte Asanbladak erabil zezan, berme guztiekin.
2022. Gazteek eraikina okupatu zutenetik etengabe gertatu den bezala, Lizarrako Udaltzaingoa hainbatetan bertaratu zen Gaztetxera eta pertsona ugari identifikatu zituen, Gaztetxeko jardunari lotuta.
Identifikazio horietatik abiatuta, Gaztetxearen kontrako hiru salaketa jarri zituen Nafarroako Gobernuak, eta horiek babestu zituen EH Bilduren udal gobernuak.
2023. Espazioaren lagapenari buruzko itun bat sinatu zuen Gazte Asanbladak udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, teorian, Gaztetxea epe luzerako egonkortzeko: okupatutako eraikineko bulegoak eta kapera geratu ziren Gazte Asanbladaren esku.
Dena den, polizia-indarren jazarpenak ez zuen etenik izan.
2024. Udaltzaingoak Gaztetxera bertaratzen eta gazteak jazartzen jarraitu du, eta horietako batzuk identifikatu ditu. Identifikazio horiei lotuta, oraingoan, udal gobernu berriak (UPN) aurkeztu ditu Gaztetxearen aurkako hainbat salaketa.
2022ko eta 2024ko identifikazioei lotuta udalak eta Nafarroako Gobernuak jarritako salaketa guztiak direla-eta, sei isun jaso dituzte Sugarra Gaztetxeko kideek: 20.000 euro baino gehiagokoak dira denera. Isun gehiago egon daitezkeela ohartarazi dute, gainera. Iaz sinatutako akordioa paper errea baino ez dela salatu dute gazteek, bai eta "promesa faltsu bat" izan dela ere.
BURLATAKO GAZTETXEA
2018. Futbol-zelai zaharreko eraikina birjabetu zuen Burlatako Gazte Asanbladak, Gaztetxe bilakatzeko.
2022. Martxoan espazioa eraitsi zuen Burlatako Udalak (UPN), teorian, kirol-instalazioak zabaldu nahi zituelako Gaztetxea zegoen lekuan. Gerora, ez dituzte instalazio horiek egin.
Gazte Asanbladako kideek, ordea, udala negoziazio-mahai batean esertzea lortu zuten, "irmotasunari, borrokari eta antolakuntzari esker". Lagapen-akordio bat lortu zuten, eta apirilaren 1ean ireki zituzten Gaztetxe berriko ateak, Soldadura Tailer-Eskola zaharreko eraikinean.
2023. Akordioa lortu zutenetik urtebete soilik igaro zen arren, espazio berria arriskuan zegoen 2023rako. Burlatako PSNk Gaztetxearen aurkako salaketa bat jarri zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian, udalak espazioa legez kanpo laga zuela argudiatuz. Epaileak esan zuen itunak ez zituela "irizpide legal guztiak betetzen" eta, beraz, arriskuan zegoen berriro Burlatako Gaztetxea.
2024. Gaztetxearen seigarren urteurrenean, Gazte Asanbladak jakinarazi zuen eraitsia izateko arriskuan dagoela espazioa. Udal gobernuak Nogalera 2025 proiektua jarri du martxan eta, uholdeen arriskuari aurre egiteko proiektuaren barruan, Gaztetxea bota nahi du. Gazte Asanbladako kideek udalak jarritako oztopoak salatu dituzte, eta antolakuntza politikorako espazioak ezinbestekoak direla aldarrikatu dute. Gaur egun, EH Bildu dago udal gobernuan.
ZORNOTZAKO MATRAILU GAZTETXEA
2020. Jauregi izandako eraikina birjabetu eta Munarri Gaztetxea martxan jarri zuen Zornotzako Gazte Asanbladak, uztailean.
2021. Apirilaren 28an, Munarri Gaztetxea zena eraitsi zuen udalak (EAJ).
Azaroan, Ogena auzoko fabrika bat (Perforación SA enpresa izandakoa) birjabetu zuen Gazte Asanbladak, eta Matrailu Gaztetxe bilakatu. Jazarpen polizial etengabea salatu zuten gazteek.
2024. Eraikinaren legezko jabeak, Zornotzako Udalaren laguntzarekin, salaketa bat jarri du eta Gaztetxearen kontrako prozesu judiziala hasi da.
Datorren irailaren 17an bi gazte epaituko dituzte, Gaztetxea desalojatzeko asmoz. 321.000 euroko isunak eskatu dituzte bi auzipetuen aurka.