ACTUALIDAD / Espacios de control obrero
Gaztetxe berria jarri dute martxan Eskuernagan
Gaztetxeen loraldiak Arabar Errioxa ere hartu du. La Caixaren eraikin bat birjabetu berri dute Eskuernagan, gaztetxe berria martxan jartzeko. Espazioa egokitzeko auzolanak egingo dituzte datorren astean. Azken asteetan gaztetxe modura birjabetu duten bosgarren eraikina da.
2019eko uztailaren 8
Gaztetxe berria jarri dute martxan Eskuernagan

Ez du etenik gaztetxeen loraldiak. Oraingoan, Arabar Errioxan loratu da gaztetxe bat: Eskuernagan La Caixa aurrezki kutxaren eraikin bat birjabetu dute hainbat gaztek, gaztetxe berriaren proiektua martxan jartzeko.

Eraikina upategia izan zen bere garaian, baina bost urte darama hutsik eta erabilerarik gabe. Datorren astean espazioa egokitzeko auzolanak egingo dituzte; hilaren 17an eta 18an, hain zuzen. 19an, aldiz, irekiera ekitaldia egingo dute bertan.

Goizean goiz emango diote hasiera egitarauari; balorazio asanblada egingo dute 10:30ean, kalejira musikatua 12:00etan, eta bazkaria 15:00etan. 17:30ean Zarzaparrilla txarangako kideak arituko dira Eskuernagako kaleetan barrena, eta 20:00etan ekitaldia izango da. Gauean, aldiz, kontzertuak izango dira: 21:30etik aurrera, Igitaia, Piztupunk, Azken Hatsa, Perlata, Türbot eta RDT taldeak igoko dira gaztetxe berriko oholtza gainera.

Hamaika txoko hartu dituen loraldia

Aurten ere Euskal Herriko hamaika txokotan jarri dituzte martxan gaztetxe berriak. Iragan asteetan, Larraunen (Nafarroa), Atarrabian (Nafarroa), Ormaiztegin (Gipuzkoa) eta Zeberion (Bizkaia) izan dira birjabetzeak. Dena den, Ormaiztegiko zein Atarrabiako gaztetxeek ez dute gune finkorik une honetan. Ormaiztegikoa Ertzaintzak desalojatu zuen epaileen baimenik gabe. Atarrabiako kasuari dagokionez, berehalako desalojo mehatxuaren aurrean, eraikina uztea erabaki zuten gaztetxeko kideek.