Jabetza kolektiboaren eraikuntzan, aurrera darrai gune autogestionatuen loraldiak. Horren erakusle da Zeberioko (Bizkaia) Gazte Asanbladak lortu berri duen "gune askea". Asanbladako kideak Urkiaga Txikerra baserrira sartu dira, "izaera kolektiboa" izango duen proiektu bat garatzeko. Egitasmoaren sustatzaileek azaldu dutenez, "herrian zein gizartean nabarmenak diren hutsuneak betetzea" dute xede. "Herri mailan taldeak antolatzeko, kultur jardueretarako, aisialdirako, elkar-zaintzan oinarritutako harremanak sustatzeko eta izaera kolektiboa berreskuratzeko eta hainbat ekimen aurrera eramateko izango da baliagarri, herritarren problematika ezberdinei errotik helduz", adierazi dute.
Espazioaren berreskuratzea asanbladaren laugarren urtemugarekin batera jazo da, eta hori nabarmendu nahi izan dute asanbladako kideek. Era berean, esan dute jakitun direla aurretik duten bidea ez dela erraza izango. Dena den, esfortzuak "merezi" duela uste dute, eta gogoz eutsi diote bideari. Urratsak egiten hasteko, auzolanak deitu dituzte datozen egunetarako. Horren harira, bertaratzeko dei egin dute, "denen ideiak" baliagarriak direla azpimarratuz.