Skip to Content
AKTUALITATEA / Azaroak 11: greba orokorra

Gazte eta ikasle langileen zutabeak antolatu dituzte GKSk eta IASk greba orokorrerako

Hurrengo asteazken goizeko mobilizazioetara batzeko, zutabeak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 'Emantzipatzeko eskubidea bermatzeko, sozialismoaren alde borrokara batu!' lelopean.
2026eko azaroaren 6 - 09:29
Gazte eta ikasle langileen zutabeak antolatu dituzte GKSk eta IASk greba orokorrerako

AKTUALITATEA

Bost egun geratzen dira etxebizitza-eskubidearen aldeko greba orokorrerako, eta auzoz auzo nahiz hezigunez hezigune greba antolatzen eta astintze-lanetan ibili ostean, azaroaren 11n ikastetxeak eta lantegiak hustu eta kaleak hartzeko unea dela aldarrikatu dute Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS). Etxebizitza-sindikatuek eta gehiengo sindikalak hainbat manifestazio orokor egingo dituzte eguerdian, Hego Euskal Herriko hiriburuetan batik bat, eta horietara batzeko zenbait zutabe antolatu dituzte GKSk eta IASk, "greba-eguna eta mobilizazioak indartzeko asmoz".

Goizean izango dira gazte eta ikasle langileen zutabeak, Bilbon, Gasteizen eta Donostian: Emantzipatzeko eskubidea bermatzeko, sozialismoaren alde borrokara batu! hartu dute lelotzat. 10:30ean abiatuko da Gasteizko zutabea Arabako Diputaziotik; 10:45ean Bilbokoa, Plaza Eliptikotik; eta 11:00etan Donostiakoa, Ibaetako campusetik.

"Etxebizitzaren negozioaren eta gazteon emantzipazio ezintasunaren aurrean arduradunak seinalatu, neurriak exijitu eta borrokara batzeko unea da; espekulatzaileen aurka, alderdi politiko konplizeen aurka eta etxebizitza eskubide bermatuaren alde", seinalatu dute bi antolakundeek.