Israelgo Estatuaren okupazio-armadak eskala handiko lurreko erasoaldi genozida bat hasi du astearte honetan, Gaza hiria hartzeko helburuarekin. Gazako Zerrendaren iparraldean dago hiria, eta hura hainbat astez gogor bonbardatu dute sionistek, herritarrei hegoaldera alde egiteko agindua eman ondoren. Avichai Adrai Israelgo Defentsa Indarren arabierazko bozeramailearen arabera, "Hamasen azpiegitura suntsitzen" hasi dira Gazan, eta bertan geratzea "arriskutsua" dela esanez egin du mehatxu; palestinarrei esan die hegoalderantz azkar joan daitezela, "euren segurtasunagatik".
Entitate kolonialeko Defentsa ministro Israel Katzek adierazi duenez, "Gaza sutan dago", eta bertako azpiegituraren aurkako erasoak "gupidagabeak" izango dira. Azken asteotan, indar sionistek dozenaka etxebizitza-dorre suntsitu dituzte, eta hiriko milioi bat biztanleak ebakuatzeko aginduak eman dituzte. Orain, aurrekaririk gabeko lurreko eta aireko setio bat dago martxan, Europa Press-en esanetan.
Bien bitartean, Nazio Batuen Erakundeak ofizialki onartu du Israelgo Estatuaren kanpaina hiltzailea gerra-krimen eta genozidio gisa, eta esan du 65.000 palestinar baino gehiago erail dituztela 2023ko urritik, haurren ehuneko handi batekin. Francesca Albanese NBEko kontalari bereziak irmo esan du Israel genozidio bat egiten ari dela Gazan, eta entitate sionistako agintari gorenei egotzi die erantzukizuna.
Gazatarrak jasaten ari diren krisi humanitarioa larriagotzen ari da desplazamendu masiboekin, suntsipen orokorrarekin eta nazioarteko laguntzaren blokeo sistematikoarekin. NBEk eta nazioarteko erakundeek, inolako botere exekutibo eraginkorrik gabe, "zibilak babestea eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzea" eskatu dute behin eta berriz, baina Mendebaldeko potentziek jarraitu egiten dute Israelgo Estatu genozidari armagintzako, merkataritzako eta diplomaziako laguntza ematen; eta herrialde arabiarrek eta musulmanek, Yemenek izan ezik, adierazpenak egin besterik ez dute egiten, esku hartu gabe.