Gastu militarraren
bikoiztea hamarkada baten buruan gauzatzeko konpromisoa hartu du
Espainiako Estatuak NATOrekin, Aliantza Atlantikoak Madrilen ekainaren
29an eta 30ean egingo duen goi-bilerari begira. Pedro Sanchez Espainiako
Gobernuko presidenteak hainbat aldiz adierazi izan duenez, helburutzat
finkatu zuten "defentsarako" gastua BPGaren %2koa izatea.
Orain,
ordea, plana betetzeko epemuga zehatza iragarri du Moncloak: 2030.
urtea, beranduenez. Dena den, gobernuko iturriek euren konfiantzazko El País egunkariari helarazi diotenez, ez dute prozesua bizkortzea baztertzen; "BPGaren eboluzioaren arabera".
Desadostasun formalak
Erabakiak
ez du Sanchezen gobernua kolokan jarri, aurreko eskandaluetan gertatu
bezala. Izan ere, Unidas Podemoseko gobernukideak edota koalizioa
"kritikoki" sostengatzen duten Kataluniako zein Euskal Herriko alderdi
subiranistak kexu dira ustez, baina inor ez dago PSOEren gobernuari
babesa kentzeko prest.
Ahalegin ekonomikoa
Gastu militarra bikoizteak, bestalde, "ahalegin handia" dakar estatuaren aurrekontu orokorren baitan. NATOk martxoaren 31n argitaratutako azken datuei erreparatuz, Espainiako Estatuak 12.208 milioi euro inbertitu zituen iaz defentsa arloan, bere BPGaren %1,03, alegia. %2ra iristeko, ordea, 24.000 milioi euro inguru modu iraunkorrean bideratu beharko ditu hamarkada amaierarako.
Gastu
militarra urtez urte handitzeko ibilbide-orria aurkezteaz gain,
"defentsarako aparteko kreditua" aurkezteko aukera aztertzen ari da
gobernua, Madrilgo goi-bileraren testuinguruan. Kreditu hori aurten
bertan aplikatu beharko litzateke, eta, planekin ez ezik, erabaki
konkretuekin ere erakutsi beharko lukete euren aliatuen defentsa
indartzeko borondatea.
Galesko goi-bilera
NATOko
kide diren estatuen aurrekontu militarra handitzeko plana ez da atzoko
kontua, ordea. Defentsara BPGaren %2 bideratzeko akordioa 2014ko Galesko
goi-bileran sinatu zen, eta hamar urteko epea aurreikusten zuten hori
betetzeko. Egonkortasun finantzario zalantzagarria duten herrialdeen
kasuan, "gomendio" gisa finkatu zen. Margarita Robles Espainiako
Estatuko Defentsa ministroak berak martxoaren 9an Diputatuen Kongresuan
ondokoa esan zuen %2ko zifrari erreferentzia eginez: "Espainiak ez du
inoiz helburu hori lortuko".
Hala
ere, 2019az geroztik, Espainiako Estatuaren gastu militarra hamabi
hamarren handitu da BPGaren aldean, %0,91tik % 1,03ra igo baita.
Espainiako Estatuaren aurrekontu militarrak NATOko herrialde gehienen
atzetik jarraitzen badu ere, ez da ahaztu behar %2 horretara iristen
diren potentziak ekonomikoki aurreratuagoak direla (Amerikako Estatu
Batuak eta Erresuma Batua) edo euren kokapen geoestrategikoaren ondorioz
inbertsio neurrigabea egiten dutela (Grezia, Polonia, Kroazia, Estonia,
Letonia eta Lituania).
Azeleragailua
Sanchezek, martxoaren 11n Parisen egin zen Europako goi-bileraren ondoren, legegintzaldi honetan BPGaren %1,22 "defentsara" bideratzea helburu zuela esan zuen; hots, iaz baino 2.500 milioi euro gehiago. Gobernuak eguneratutako planek 2023ko gastu militarra bi hamarren igotzea eskatzen dute, baina.
2024ko
eta 2025eko gastu militarra, aldiz, beste hamarren bat igotzea
galdegiten du, azken data horretan %1,4ra iritsita. Egutegi horrekin,
ezarritako %2ra 2028ko urtarrileko legegintzaldian iritsiko lirateke,
hau da, bi hauteskunde orokorren ondoren; Gorteak aldez aurretik
desegiten ez badira, behintzat.
Poloak berotzen