AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/18 10:01

Gastu militarraren bikoiztea hamarkada baten buruan gauzatzeko konpromisoa hartu du Espainiako Estatuak NATOrekin, Aliantza Atlantikoak Madrilen ekainaren 29an eta 30ean egingo duen goi-bilerari begira. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hainbat aldiz adierazi izan duenez, helburutzat finkatu zuten "defentsarako" gastua BPGaren %2koa izatea.

Orain, ordea, plana betetzeko epemuga zehatza iragarri du Moncloak: 2030. urtea, beranduenez. Dena den, gobernuko iturriek euren konfiantzazko El País egunkariari helarazi diotenez, ez dute prozesua bizkortzea baztertzen; "BPGaren eboluzioaren arabera".  

Desadostasun formalak

Erabakiak ez du Sanchezen gobernua kolokan jarri, aurreko eskandaluetan gertatu bezala. Izan ere, Unidas Podemoseko gobernukideak edota koalizioa "kritikoki" sostengatzen duten Kataluniako zein Euskal Herriko alderdi subiranistak kexu dira ustez, baina inor ez dago PSOEren gobernuari babesa kentzeko prest.

Ahalegin ekonomikoa

Gastu militarra bikoizteak, bestalde, "ahalegin handia" dakar estatuaren aurrekontu orokorren baitan. NATOk martxoaren 31n argitaratutako azken datuei erreparatuz, Espainiako Estatuak 12.208 milioi euro inbertitu zituen iaz defentsa arloan, bere BPGaren %1,03, alegia. %2ra iristeko, ordea, 24.000 milioi euro inguru modu iraunkorrean bideratu beharko ditu hamarkada amaierarako.

Gastu militarra urtez urte handitzeko ibilbide-orria aurkezteaz gain, "defentsarako aparteko kreditua" aurkezteko aukera aztertzen ari da gobernua, Madrilgo goi-bileraren testuinguruan. Kreditu hori aurten bertan aplikatu beharko litzateke, eta, planekin ez ezik, erabaki konkretuekin ere erakutsi beharko lukete euren aliatuen defentsa indartzeko borondatea.

Galesko goi-bilera

NATOko kide diren estatuen aurrekontu militarra handitzeko plana ez da atzoko kontua, ordea. Defentsara BPGaren %2 bideratzeko akordioa 2014ko Galesko goi-bileran sinatu zen, eta hamar urteko epea aurreikusten zuten hori betetzeko. Egonkortasun finantzario zalantzagarria duten herrialdeen kasuan, "gomendio" gisa finkatu zen. Margarita Robles Espainiako Estatuko Defentsa ministroak berak martxoaren 9an Diputatuen Kongresuan ondokoa esan zuen %2ko zifrari erreferentzia eginez: "Espainiak ez du inoiz helburu hori lortuko".

Hala ere, 2019az geroztik, Espainiako Estatuaren gastu militarra hamabi hamarren handitu da BPGaren aldean, %0,91tik % 1,03ra igo baita. Espainiako Estatuaren aurrekontu militarrak NATOko herrialde gehienen atzetik jarraitzen badu ere, ez da ahaztu behar %2 horretara iristen diren potentziak ekonomikoki aurreratuagoak direla (Amerikako Estatu Batuak eta Erresuma Batua) edo euren kokapen geoestrategikoaren ondorioz inbertsio neurrigabea egiten dutela (Grezia, Polonia, Kroazia, Estonia, Letonia eta Lituania).

Azeleragailua

Sanchezek, martxoaren 11n Parisen egin zen Europako goi-bileraren ondoren, legegintzaldi honetan BPGaren %1,22 "defentsara" bideratzea helburu zuela esan zuen; hots, iaz baino 2.500 milioi euro gehiago. Gobernuak eguneratutako planek 2023ko gastu militarra bi hamarren igotzea eskatzen dute, baina.

2024ko eta 2025eko gastu militarra, aldiz, beste hamarren bat igotzea galdegiten du, azken data horretan %1,4ra iritsita. Egutegi horrekin, ezarritako %2ra 2028ko urtarrileko legegintzaldian iritsiko lirateke, hau da, bi hauteskunde orokorren ondoren; Gorteak aldez aurretik desegiten ez badira, behintzat. 

Poloak berotzen

Ukrainako gerrak hankaz gora jarri du Europako agertoki geopolitikoa. Azken hamarkadetan gastu militarrari eusteko joera izan duten estatuak esponentzialki hasi dira armaz hornitzen. Alemaniak, adibidez, bere armada modernizatzeko  "100.000 milioi euroko injekzioa" iragarri du. Suediaren eta Finlandiaren kasuan, berriz, NATOn sartzeko asmoak bizkortu edo zuzenean estreinakoz aurkeztu dituzte.

EZ DAGO IRUZKINIK