Gaur bete dira bi hilabete Gasteizko (Araba) parkeetako eta gune berdeetako lorezaintzako beharginek greba hasi zutenetik. Udalak azpikontratatuta jarduten dute lanean, Enviser enpresarentzat hain zuzen ere, eta lan-baldintzak hobetu ahal izateko itun propio baten alde ari dira borrokan. Izan ere, lan bera egin arren, udalak zuzenean kontratatutako beharginek baino 11.000 euro gutxiago kobratzen dituzte urtean, nahiz eta 100 ordu gehiagoz lan egitera behartzen dituzten.
Lorezaintzako grebalariekin elkartasunez, "Gasteizko Udalaren klasismoa" salatzeko ekintza bat izan da bart udaletxearen parte diren instalazioetan. Margoz markatu dituzte horiek, eta "Gora lorezainen borroka" aldarrikatu dute idatziz.
GEDAR LANGILE KAZETAri helarazitako bideoarekin batera, ekintza egin dutenek azaldu dute lorezainen egoerak "agerian uzten" duela "udalak azpikontratatutako langileei esleitu nahi dien funtzioa". "Lorezainek udal-langileen lan-baldintza berdinak lortzeko pausoak ematea aldarrikatu dutenean, udalak 'etxeko langileak izateko' eta haien baldintzak lortu ahal izateko oposaketak gainditu behar direla erantzun du", jakinarazi dute, Beatriz Artolazabal zinegotziaren adierazpenei erreferentzia eginez. Haien esanetan, beharginen arteko "ezberdintasun hori justifikatzen du" udalak, horrek ahalbidetzen diolako "bigarren mailako langileak edukitzea" eta, modu horretan, "bere zerbitzuak sostengatzea".
"Ezin dugu utzi hierarkia eta ezberdintasun horiek langileon banaketa eragiten", gaineratu dute ekintza gauzatu dutenek. "Benetazko errudunak seinalatu behar ditugu; enpresariak eta politikari profesionalak, baldintza miserableen kontrako borroka ezbaian jartzen dutenak, gure kontura aberasten diren bitartean".
Manifestazioa gaur arratsaldean
Grebari ekin ziotenetik bi hil bete diren honetan, lorezaintzako langileek mobilizazio bat antolatu dute gaur arratsalderako: 18:30ean hasiko da Gasteizko Plaza Berritik. Deialdiarekin bat egin du Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS), eta "azpikontratatutako langilek elkartasuna erakusteko unea" dela nabarmendu du. Horiek horrela, udalak azpikontratatutako enpresa ugaritako beharginen argazkiak bildu ditu, lorezainei babesa emateko.