AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/21 17:12

Lan-baldintzak hobetzea bermatuko duen itun propio baten alde, borrokan ari dira Gasteizko (Araba) parkeetako eta gune berdeetako lorezaintzako langileak. Datorren astelehenean, hilaren 26an, bi hilabete beteko dituzte greban. Horren harira, manifestazio bat antolatu dute: astelehenean bertan izango da, 18:30ean Plaza Berritik abiatuta.

Grebalariekin elkartasunez, eta "azpikontratatutako langilek elkartasuna erakusteko unea" dela iritzita, mobilizazioarekin bat egin du Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS).

Lorezainek Enviser enpresarentzat jarduten dute soldatapean, eta azpikontratatuta ditu udalak. LASen esanetan, "azpikontratatutako langileen baldintza prekarioen adierazle" da haien egoera: "Gutxieneko soldatak, lanaldi amaigabeak, babes-material falta...". Horiek horrela, autodefentsa-sareak gogorarazi duenez, "horri aurre egiteko borrokan hasi ziren" beharginak. 

Negoziatzeko borondaterik ez enpresaren aldetik, eta udalaren konplizitatea

"Greban zehar enpresak ez du negoziatzeko inolako borondaterik erakutsi, langileen borroka higatzeko estrategia erabiliz haien irabaziak mantentzeko", salatu du LASek. Horrez gain, baina, azpimarratu du gertatutakoak "agerian utzi" duela "udalaren jarrera". Hala laburbildu du udalaren jarrera hori: "Langileen egoeraren gainean daukan arduraren ukapena, inbertsio-funts baten jabegoa den enpresarekin lerrokatzea eta langileen borrokaren errepresioa eta kriminalizazioa".

Azpikontratatutako langileen batasuna

LASen hitzetan, "lorezainen borrokak azpikontratazioari aurre egiteko eta lan-baldintza berdintasuna lortzeko norabidea erakusten du, langileen parte-hartze zuzena eta borrokarako grina funtsezkoak izanik". Eta gaineratu du: "Balio dezala borroka honek azpikontratatutako langileen arteko elkartasuna hedatzeko eta baldintzen hobekuntza lortzeko bidea antolakuntza eta borroka direla erakusteko".

EZ DAGO IRUZKINIK