ACTUALIDAD / Régimen salarial
Gasteizko Udalak ez du onartu nahi lorezainen greba-eskubidea urratu zuela
Jasotako isunaren aurkako helegite judiziala jarriko du Gasteizko Udalak. Lorezainen greba mugagabean, grebalariak ordezkatu zituen, Olarizuko zelaietan lan egin zezaten.
2026eko apirilaren 17 - 08:19
Gasteizko Udalak ez du onartu nahi lorezainen greba-eskubidea urratu zuela
— ARGAZKIA Sare Antifaxista-ren bidez (X)

Gasteizko Udalak epaitegietara eramango du lorezainen greba-eskubidea urratzeagatik jarri dioten zigorra. Otsailean jakin zen Lan Ikuskaritzak berriz zigortu zuela udala (PSOE), greban zeuden lorezainak ordezkatzean "arau hauste larria" egin izana leporatuta. Bada, ematen du udalak ez duela urraketa onartu nahi: jasotako isunaren kontrako helegite judiziala ipiniko du, Gasteizberri atariak jakinarazi duenez. Hortaz, badirudi egindakoa epaitegietan defendatuko duela udalak.

Irailaren 10ean, lorezaintzako langileek (udalak azpikontratatutako Enviser enpresakoak) bost hilabetetik gora zeramatzatenean borrokan, greba zapuzteko beste saiakera bat egin zuen udalak: Olarizuko zelaietan egitekoa zen erromeriaren atarian, beste enpresa bateko langile batzuk kontratatu zituen, grebalariak ordezkatzeko eta zelaiak txukuntzeko. Horregatik, Lan Ikuskaritzak 7.501 euroko isuna jarri zion azkenekoz udalari, eta oposizioko alderdien esanetan, denera 10.000 eurokoak dira jada urraketa horregatik jarri dizkioten isunak.

Beatriz Artolazabal alkateordeak (EAJ), lorezainen aurka etengabe difamatu ostean, Lan Ikuskaritzaren esku-hartzea salatu eta Gasteizko Udalaren jarrera defendatu du behin eta berriz. Olarizuko zeialetan, hain zuzen ere, udalak berme tekniko eta juridikoekin jardun zuela dio Artolazabalek, Gasteizberri-k jaso duenez. Greba mugagabe osoan zehar, baina, lorezainen greba-eskubidea etengabe urratu zuten udalak eta Eusko Jaurlaritzak, gutxieneko zerbitzuen bitartez besteak beste; eta martxoan berriz ekin zieten mobilizazioei langileek, Enviserrek behargin bat kaleratu zuela salatzeko.