Mobilizazioei ekin diete berriz Gasteizko lorezainek, kaleratze baten kontra

Mobilizazioak berriz ere Gasteizko (Araba) lorezaintzan, iazko greban parte hartu zuen langile baten kaleratzearen ondorioz. Gaur, martxoaren 16an, lau orduko lanuzte bat egiten ari dira lorezainak (07:00etatik 11:00etara), lankide baten kaleratzea salatzeko eta hura berriz har dezatela eskatzeko. Izan ere, gaur da kaleratzeari buruzko epaiketa, eta epaitegi aurrean elkarretaratu dira hainbat eta hainbat langile, ESK eta LAB sindikatuek deituta, "askatasun sindikalen defentsan" eta "Juan berriz hartzearen" alde. ESK-k aurreko hilean ohartarazi zuenez, Enviser enpresak Juan berriz hartzen ez badu, mobilizazioak hasiko dira berriz.

Lorezaintzako langileek aurreko urtean egin zuten greba historiko bat, 200 egunez luzatu zena, euren lan-baldintzak hobetzearen alde. Greba bukatu eta hamabi egun eskasera, grebalari "aktiboenetako" bat kaleratu zuen Enviserrek; lorezaintza-zerbitzuaz arduratzeko, udalak azpikontratatutako enpresak. Konpainiak esan zuen ezin zituela "ebatzi" Juanek "probaldian" egindako bi hilabeteak, eta horregatik kanporatuko zuela. ESK-k seinalatu duenez, baina, "justifikaziorik" gabe bota zuten Juan, eta eskubide sindikalen aurkako erasotzat jo dute kaleratzea, greban oso aktiboki parte hartu baitzuen kaltetuak.

"Juan berriz onartzen ez badute, gatazka berriro aktibatuko da, greba hasi aurretik langileek argi izan zuten gaietako bat baita ez zutela inolako errepresaliarik onartuko grebaren ostean", zioen ESK-k otsailean, arazoaren berri ematean.