ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/15 08:22

Huste arriskuan dago Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuaren etxebizitza bat, atzo jakinarazi zutenez. Etxea Alde Zaharrean dago kokatuta, eta Blackstone putre funtsaren esku geratu zen hipoteka-egikaritze baten ondoren. "Urteak eman zituen hutsik eta baldintza kaskarretan", azaldu du Etxebizitza Sindikatuak: "Orduan, okupatua eta birgaitua izan zen beste alternatibarik ez zuten pertsona batzuen eskutik".

Duela urtebete, baina, pertsona horien —Etxebizitza Sindikatuan antolatuta zeuden jada— eta Blackstonen arteko elkarrizketak hasi ziren. "Eroskeria-saiakera baten eta hainbat mehatxuren ostean, orain, bide judizialaren azken fasean gaude", zehaztu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. Badirudi horren emaitza, "segurtasun osoz", "berehalako etxegabetze-agindu bat" izango dela.

Merkatu oso bat putreentzat

"Langile klasearen bizi baldintzak etengabe erasotuak diren krisi testuinguru orokorra bizitzen ari gara. Etxebizitzaren esparrua ez da salbuespena; etxebizitza-merkatua jabe handi zein txikientzat ondasunen metaketarako iturria da eta krisi garaietan funtzio hori betetzen jarraitu behar du", argitu du Etxebizitza Sindikatuak. Seinalatu du, hain zuzen, egoera horietan "ugaritzen" direla putre funtsak.

"Kapital handiko korporazio" horiek, zehazki, "arriskutsutzat" jotzen diren tituluak "prezio baxuan" erosten dituzte, esaterako, hipotekak edota ondasun higiezinak. Gero berriz saltzen dituzte horiek, "irabaziak lortzeko". "Putre funtsek jabetza ugari metatzen dituzte, higiezinen merkatua eta etxebizitza arloko politikak baldintzatzeko gaitasuna lortuz", dio Etxebizitza Sindikatuak.

Beraz, putre funtsak "proletariotzaren aurkako ofentsiba politiko eta ekonomikoaren aurpegietako bat" direla salatu du. "Izan ere, alde batetik, haien irabazietarako tartea etxebizitza 'pobreetatik' ateratzen dute, eta bestetik, haien botere ekonomikoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta nabarmenagoa da langileria zapaltzeko duten gaitasuna: nahieran igotzen dituzte prezioak, okupazioaren aurkako jardun mertzenarioak eramaten dituzte aurrera, era ia automatikoan gauzatzen dituzte etxegabetzeak...", ohartarazi du.

Estatuaren osagarri

"Badira soluzioa Estatu Burgesak funts horietan interbenitzean datzala deritzotenak", erreparatu dio Etxebizitza Sindikatuak: "Halere, Estatua ez da gai jabetza-metatze prozesu hori kontrolatzeko, horrek gobernu eta alderdien erabakimenaren gainetik daudelako".

Nabarmendu du, gainera, "Estatu Burgesari mesede egiten" diotela putre funtsek, zenbait "aktibo toxiko" haien esku utzita, "familiak etxegabetzearen kostu ekonomikoak eta mediatikoak aurrezten baititu". Adibide modura aipatu du, hala nola, Eusko Jaurlaritzak 500 etxebizizitza saldu zizkiola Catella putre funtsari. Hori egitean, Jaurlaritzak "kudeaketa-kostuak aurreztu" eta "Catellaren eskuetan utzi" zituela gogorarazi du Etxebizitza Sindikatuak. "Krisi garaian, banku eta erakunde publikoentzat titulu arriskutsuak direnak, putre funtsentzako negoziazio handien iturri dira", ondorioztatu du.

Autodefentsa sozialistaren alde

Etxebizitza Sindikatuek zehaztu dute, baina, "konponbidea" ez dagoela "jabe handi eta txikien arteko dikotomia faltsuan". "Errentatzaile txikiek funts handien aurrean jabetzak galtzen dituztela egia bada ere, jabe txikiz osaturiko higiezinen merkatu batek ez luke etxebizitzaren arazoa ebatziko. Berebizikoa da etxebizitza-sistemaren berrantolatze osoa; hots, etxebizitza-sistema sozialista berri bat, oinarrizko ondasun horren doakotasunak, kalitateak eta unibertsaltasunak ezaugarriturik", aldarrikatu dute.

"Norabide horretan lan egiten dugun bitartean, aurre egin beharko diegu jabe handien zein txikien erasoei", nabarmendu dute. Horien aurrean "autodefentsa sozialistaren bidez defendatzea" beharrezkotzat jo dute; alegia, "proletalgoaren bizi baldintzen defentsaren bidez". Hori ez dela "soilik bizi baldintzen okertzearen aurkako aldarrikapenetara mugatzen" azaldu dute, eta "sistema sozialista berri baten eraikuntza" duela "aldarri".

"Etxebizitza Sindikatutik, autodefentsa sozialistaren aldeko apustua egiten dugu, errentatzaileen erasoetatik defendatzeko", adierazi dute. Egingo dituzten deialdiei adi egotera deitu dute.

NO HAY COMENTARIOS