ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/02/23 17:01

Lan politikoa egiteko espazioen falta hainbat astez salatu ostean, Ikasle Abertzaleakeko, Unibertsitateko Indar Batasuneko eta Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeko kideak atzo sartu ziren Gasteizko campuseko (Araba) gela batera. Hain justu, Hezkuntza fakultateko 1. mintegia hartu zuten ikasleek, jardun politikoaren eskura jartzeko.

Gaur goizean, 10:30ean, elkarretaratze bat egin dute fakultatearen parean, Antolakuntza politikorako espazioak bermatu aldarripean. "Espaziorik gabe antolatzerik ez" edota "zabaldu mila ate gela lortu arte" leloak oihukatu dituzte bertaratutakoek, eta protestaren ostean, eserialdia egin dute fakultateko gela baten aurrean; dekanotza taldeko kideak zeuden bilduta gela horretan.

Atzo hasi ziren Herri Unibertsitateko saioak Gasteizko campusean, eta antolatzaileek jakinarazi dute aldaketak izan direla egitarauari dagokionez: Hezkuntza fakultateko 1. mintegian egingo dituzte hitzaldiak, eta babesa adierazi diote IAk, UIBk eta GUETek espazio baten alde abiatutako borrokari.

HARA BA!-k azaldu duenez, atzo "pasibotasuna" izan zen nagusi errektoreordetzaren eta Magisteritza fakultateko dekanotzaren aldetik, eta ez zuten borondaterik erakutsi ikasleen exijentziak betetzeko. Horren aurrean, IAk, UIBk eta GUETek esan dute fakultateko 1. mintegia erabiltzen jarraituko dutela, jardun politikorako "gela bat izango dutela bermatuta izan arte", HARA BA!-ren esanetan.

Gaur elkartasun keinuak jaso dituzte Gasteizko campuseko ikasleek; hala nola, Ibaetako campuseko (Donostia, Gipuzkoa) nahiz Leioako campuseko (Bizkaia) ikasleek adierazi diete elkartasuna.

NO HAY COMENTARIOS