ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Emmanuel Macron (X)
2026/02/11 14:52

Ekainetik aurrera, 29 urteko milaka gazteri "gutun informatiboak" bidaliko dizkie Frantziako Osasun Ministerioak, ugalkortasunaren jaitsieraz eta obuluen eta espermatozoideen kriokontserbaziorako aukerez kontzientziatzeko, El Mundo egunkariak jakinarazi duenez. Emmanuel Macron presidenteak bultzatu nahi duen "berrarmatze demografikorako" planaren parte da neurria, eta jaiotza-tasaren jaitsierari "aurre egiteko" hamasei ekintza biltzen ditu. Stephanie Rist Osasun ministroak ekimena defendatu du, esanez "gai intimo horien atzean erabaki kolektiboak eta politika publikoak" daudela jokoan, "herritarrei aukerak zabaltzea" bilatzen omen dutenak.

Gutunek hiru ardatz jorratuko dituzte antza: "sexu-osasuna eta kontrazepzioa", "erloju biologikoari" buruzko informazioa eta sexuaren araberako desberdintasunak, eta gametoak babesteko eskaintza publikoa, Le Figaro-k aipatutako iturri ofizialen arabera. Gobernuak aurreikusten du, gainera, laguntza bidezko ugalketa-zentroak areagotzea, 40 izan ordez 70 egon daitezen, eta itxaron-zerrendak murriztu daitezen.

Erabakia momentu zehatz batean etorri da: oraintsu jakin da 2025. urtean, Bigarren Mundu Gerraz geroztik lehen aldiz, heriotza (651.000) gehiago izan zirela jaiotzak (645.000) baino. Ugalkortasun-tasa, zenbait iturriren arabera, 1,8 seme-alabakoa izan zen batez beste emakume bakoitzeko. Tasa hori Europako batez bestekoa baino handiagoa izan zen, baina ez nahikoa belaunaldi-erreleboa bermatzeko. INSEEren beste estimazio batzuen arabera, gainera, 1,56 ingurukoa izan zen ugalkortasun-tasa erreala. Testuinguru horretan, pentsio-sistema erreformatu eta soldadutza bultzatu nahi du Frantziako Gobernuak.

"Nahi gabeko mandatua"

Planak hautsak harrotu ditu hainbat erakunderen eta adituren artean. Ugalkortasun-arazoak dituzten pertsonak biltzen dituen BAMP kolektiboko kide batek, Virginie Riok, adierazi du "berrarmatze demografikoa" terminoak "nahi gabeko agindu" kutsua duela, eta zalantzan jarri du antzutasunaren eta familia-politiken arteko lotura: "Ez dira pertsona antzuak Frantzia birpopulatuko dutenak". Samir Hamamah doktoreak, planak oinarritzat duen txostenaren egileetako batek, onartu du ugalkortasunaren jaitsieraren arrazoiak "medikoak, ingurumenekoak, jokabidezkoak eta sozialak" direla, baina gobernuak lehentasuna eman die adinaren faktoreari eta irtenbide biomedikoei.

Haurrak izateko agindua, haurrik ez duen presidente baten partetik

Une honetako eztabaidak presidentearen eremu pertsonala ere hartu du. Sektore kritikoek Macronek jaiotza-politikak ezartzeko orduan erakutsi duen "hipokrisia" salatu dute, ez baitu seme-alaba propiorik. Hélène de Lauzun analistak, The European Conservative egunkariko berriemaileak, hala seinalatu du: "Egia esan Emmanuel Macronek, oso harreman berezi eta antzuan dagoenak, ez du seme-alabarik, eta ez daki zer esan nahi duen seme-alabak izateak eta familia bat osatzeak. Bere hautu pertsonalak epaitu gabe, hori ukaezina da". 

Arrazoi materialak alde batera utzita

Bestalde, aditu eta kritiko batzuek ohartarazi dute planak arazoaren erro materialak saihesten dituela. Prekaritate ekonomikoa, soldata txikiak eta etxebizitzarako sarbidea, gazteek haurrak izatea atzeratzea ekar dezaketen faktoreak, neurrietatik kanpo geratzen dira. Frantziako Estatuan, lehen haurdunaldiaren batez besteko adina bost urte atzeratu da lau hamarkadatan, 29 urteraino. Horixe da, hain zuzen ere, gutunak masiboki bidaltzeko gobernuak aukeratutako adina.

Eliseoak kriokontserbazioan eta informazio-kanpainetan inbertitzen duen bitartean, beste hainbat neurri ekiditen ditu, hala nola guraso-baimenak zabaltzea, haurtzaindegietan plaza publiko gehiago jartzea edo lehenago emantzipatzea ahalbidetu lezaketen etxebizitza-politikak. Horrela, "berrarmatze demografikoa" arazo sozial bat medikalizatzen eta paternalizatzen duen politika bihurtzen da, eta ugalkortasuna planifikatzeko erantzukizun indibiduala helarazten dio biztanleriari, hura baldintzatzen duten baldintza materialei heldu gabe.

NO HAY COMENTARIOS