Oraingoan ere, soldadu israeldarrek tratu txarrak eman dizkietela salatu dute Global Sumud Flotillako kideek. Israelek bigarrenez blokeatu du aurten Gazara heltzen saiatzeko itsasoratutako misio humanitarioa, eta berriz atxilotu ditu ontzidiaren parte ziren ehunka ekintzaile: kasu honetan, 430 bat pertsona bahitu eta Palestina okupatura eraman zituzten. Atxiloaldian torturak jasan dituztela salatu dute flotillako kideek, eta tratu txarren berri eman dute Israelek deportatu ondoren aske geratu direnean.
Sei euskal herritar zeuden oraingoan atxilotuen artean, eta gaur iritsi behar zuten guztiek Euskal Herrira. Haietako bi, baina, Turkian egongo dira oraindik, ezin baitute bidaiatu: ospitaleratu egin behar izan dituzte Israelek aske utzi ostean, soldadu israeldarrek emandako tratu txarren ondorioz. Horiek horrela, gaur Loiun egitekoa zen ongietorria ere bertan behera geratu da.