ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / blogmiyares.blogspot.com
2025/09/02 07:54

Bi pertsona ezezagunek hiru gazte migratzaileri eraso zieten igande gauean Hortalezako (Madril) harrera-zentroaren inguruan, Francisco Martin Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariak atzo baieztatu zuenez. Erasotuetako bat ospitaleratu egin behar izan zuten jasandako lesioengatik, baina goizaldean zentrora itzuli ahal izan zen. Martinek ohartarazi zuenez, "gorroto-diskurtsoak gorroto-delituetan adierazten dira azkenean", bertako tentsio-igoerari erreferentzia eginez. Espainiako Poliziaren arabera, "gertatutakoa ikertzen ari da", baina oraingoz ez dago atxiloturik.

Harrera-sistemaren gaineko presio politiko handiko testuinguru batean gertatu da erasoa. Isabel Diaz Ayuso (PP) buru duen Madrilgo Erkidegoak iragarri duenez, 37 adingabe migratzaile kanpora ditzatela eskatuko du, bertara "egokitu gabe" daudela esanez. Horretarako aitzakia gisa hartu du duela gutxi bortxaketa bategatik atxilotutako mutilaren kasua. "Gero eta adingabe oldarkorragoak dira eta baldintza okerragoetan iristen dira", idatzi zuen Ayusok X. sarean. 

Moncloak erantzun du euren "interes gorenari erantzuten dionean" bakarrik kanpora daitezkeela adingabe migratzaileak, eta ez zigor gisa, El País egunkariak jaso duenez. Raíces Fundazioak ere ohartarazi  du halako neurrien erabilera politikoaren aurka: "Motibazioa ezin da inola ere zigorra izan", zioen Lourdes Reyzabal presidenteak, eta adierazi zuen Madrilgo Erkidegoak ezin duela mekanismo hori baliatu "bere erantzukizunak saihesteko".

Bien bitartean, Hortalezako zentroa poliziaz inguratuta dago, eta Voxek pertsona migranteak kriminalizatzeko elkarretaratze bat antolatu du. Alderdi faxistak behin baino gehiagotan erabili du auzia migratzaileen aurkako diskurtsoak zabaltzeko.

Oposizioak eta arrazakeriaren aurkako mugimenduek kezka agertu dute hitzezko indarkeriak gora egin duelako, eta horrek lotura estua du migratzaileen aurkako erasoekin. Julian Macias desinformazio digitalaren aurkako ekintzaileak X sare sozialean salatu duenez, "ordu batzuk baino ez ziren igaro Ayusoren txioaren eta kaputxadun batzuen erasoaren artean". Hori dela eta, Maciasek Madrilgo Erkidegoko presidentearen "erantzukizun bikoitza" aipatu du: "Lehenik, diana bat jartzeagatik, eta, bigarrenik, haiek ez babesteagatik, zentroa bere gobernuaren mende baitago".

Hortaleza zentroaren aurkako saiakera gehiago

Ekainaren hasieran, talde neonaziek Hortalezako zentroaren aurka egindako esku-hartzeak Hortalezako Koordinakundearen protesta antifaxista bat izan zuen erantzun modura. Kolektibo horrek seinalatu zuenez, Núcleo Nacional bere mezu arrazistak auzoan zabaltzen saiatu zen, "aurre egiten zietenak mehatxatuz eta jazarriz". Faxistei leporatu zieten bertan bizi diren haur eta gazte migratzaileak jopuntuan jartzea eta "beldur eta mesfidantza giroa" sortzea.

NO HAY COMENTARIOS