ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ekainaren 7ko mobilizazioa, Donostian.
2024/06/11 09:33

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) aurreko ostiralean egin zuen mobilizazio jendetsu bat, Europar Batasunari eta NATOri ezetz esateko. Seinalatu zuen bi erakunde horien egitekoa dela "Mendebaldeko oligarkien irabazi ekonomikoak bermatzea", eta "gerra eta austeritatea" daudela euren programen erdigunean. Hori dela-eta, aurretik jakinarazi bezala, nabarmendu zuen ez zuela igandeko bozek dakarten "aurpegi zuriketan parte hartuko".

Europar Batasuneko hauteskundeen ostean, balorazio-ohar bat ere kaleratu du EHKSk. Hizpide izan ditu abstentzio altua, liberalen eta sozialdemokraten gainbehera, Europar Batasuna gobernatuko duen koalizio-gobernua eta indar faxisten gorakada, besteak beste.

Abstentzioa: %50 inguru

Balorazio-oharrean ohartarazi du EHKSk europar hauteskundeetako abstentzio-maila altuaz, %50 ingurukoa baita Europa osoan. "Horrek agerian uzten du Europar Batasunaren zilegitasun falta bere baitako lurralde guztietan", adierazi du: "Hauteskundeek aurrez ezarritako agenda politiko bat legitimatzeko helburua dute, oraingo honetan, gerran eta berrarmatzean oinarritzen dena".

EAJren gainbehera eta eskuin muturraren garaipena Iparraldean

Euskal Herrian ere "biztanleriaren erdiak ez du bozkatu hauteskunde hauetan", EHKSk azaldu duenez. Dena den, Euskal Herriko emaitzei erreparatuta, azpimarra egin die bi ideiari: "EAJren gainbeherari eta eskuin muturraren garaipenari Ipar Euskal Herrian".

"Urte batzuetatik honako prozesu baten barnean" kokatu dute jeltzaleen gainbehera, ondorioztatuta pixkanaka EH Bildu eta PSOE ari direla hartzen "EAJren lekukoa". "Hori guztia asimilazioaren eta proposamen apurtzaileen desegitearen testuinguruan txertatzen da", argitu du EHKSk.

Bestalde, eskuin muturrak Ipar Euskal Herrian izan duen nagusitasunari dagokionez, iritzi dio "liberalen zein sozialdemokraten sinesgarritasun faltaren emaitza" dela, "bai eta alternatiba errealen gabeziarena ere". "Horrenbestekoa izan da liberalen sinesgarritasun galera, ezen Macronek hauteskunde legegileak deitu behar izan dituen Frantzian", gaineratu du.

Eskuina, zentroa eta ezker tradizionala, eskutik

"Europar Batasuna alderdi garrantzitsuenen koalizio handi batek gobernatu izan du eta oraingo honetan ere hala izango da", laburbildu ditu hauteskundeetako emaitzak EHKSk. Koalizio hori, hain zuzen ere, "azken hamarkadetako familia politiko nagusiek" osatzen dutela ekarri du gogora; alegia, "eskuinak, zentroak eta ezker tradizionalak".

"Txiste txar bat dirudi estatu-mailako politikan bateraezin modura aurkezten diren alderdiek koalizioa osatzeak Europaren gisako erabakigune garrantzitsuetan", salatzen du balorazio-oharrak: "Horrek, besteak beste, sozialdemokraziaren mito antifaxista baliogabetzen du, beraien burua faxismoa gelditzeko berme bezala aurkezten dutelako eta eskuin tradizionala antifaxista moduan ezaugarritzen dutelako".

"Koalizio hori eta Von der Leyen bezalako pertsonaiak dira Palestinaren aurkako sarraskia armaz hornitu dutenak, Europako hainbat herrialdetan austeritatea ezarri dutenak, Ukrainan neonaziak hornitzen dituztenak eta etorkinen aurkako legeak ezartzen dituztenak", zehaztu du EHKSk: "Horiek guztiak eskuin muturreko politikak dira, eta faxismoaren hedapena hauspotzen dute".

"Boto antifaxistaren" iruzurra

"Indar faxista berrien igoeraz" ere hitz egin dute EHKSko kideek, "orain arte esandakoa berresteko": "Europar Batasunak bere politikekin ezartzen ditu baldintzak alderdi horien gorakadarako. Alderdi horiek integratzeko eta bere bide-orriarekin bateragarri egiteko indarra erakutsi du orain arte, Meloniren kasuan bezala".

Uste dute, gainera, "eskuin muturra gora egiten" ari bada, "ezker tradizionalak bete gabe utzi dituen promesen lekukoa hartuta" izaten ari dela, "Europako hainbat herrialdetan ikus daitekeen bezala". "Europako gizartearen faxistizazio-prozesua auzi integral bat da, eta urte batzuetatik hona indarra hartzen ari da. Horri aurre egiteko alternatiba orokorrak behar ditugu, ez diskurtso antzuak", aldarrikatu dute.

Komunismoa alternatiba erreal bilakatzeko lanean

EHKSren esanetan, azken hauteskundeek ere agerian utzi dituzte "ezker erradikal instituzionalaren gainbehera eta oligarkien instituzioetatik kanpo, Europa-mailan, sozialismoa berreraikitzeko beharra". Antolakundeak berriz esan du "Europa-mailan komunismoa alternatiba politiko erreal bilakatzeko" egingo duela lan; "oligarkien instituzioetako fartsa seinalatuta", eta "erakunde horietatik kanpo masazko indar politiko eta sozialak osatzeko bidean".

Zentzu horretan, "faxismoaren, gerraren eta austeritatearen aurka" eta "inolako zapalkuntzarik gabeko jendarte sozialista baten alde" borroka egiten jarraituko duela jakinarazi du.

NO HAY COMENTARIOS