Atzo, azaroaren 25ean, familia bat etxegabetu zuten Bilboko (Bizkaia) Abusu auzoan. Emakume bat, haren alaba eta bi bilobak bizi ziren etxebizitza horretan. Senar ohiaren tratu txarrak jasandakoa da emakumea, eta hain justu, gizon horrek abiatu zuen atzo gauzatu zen etxegabetze-prozesua.
Horretarako, duela zenbait urte notarioan sinatutako agiri bat hartu zuen oinarri; kontratu hori zela-eta, dirutza ordaindu zuen emakumeak eta bera bilakatu zen etxearen jabe, baina ustiapena senar ohiari lagata. Gizonak orain eskatu du etxebizitza erabiltzeko eskubidea izatea, eta epaileek eskakizuna onartu dutenez, handik kanporatu dituzte emakumea, bere alaba eta bi bilobak.
Orain, emakumearen senar ohiaren esku geratu da etxea. Komunitatearen gastuak, dena den, emakumeak berak ordaindu beharko ditu, berea baita legezko jabetza.
Instituzioen xantaia
Kaleratzea 08:30erako zegoen ezarrita, baina 06:40erako bertaratu zen Ertzaintza Abusura. Ordurako etxe barruan zeuden etxegabetzea geratzeko asmoa zuten hainbat pertsona, eta kanpoan ere hainbat pertsona elkartu ziren protesta egiteko.
11:00ak aldera iritsi zen batzorde judiziala, eta ertzainen babesarekin igo ziren etxebizitzara. Handik gutxira, dei bat jaso zuen kaleratua izango zen emakumeetako batek. Batu Elkarlaguntza Sarearen esanetan, Eusko Jaurlaritzak hots egin zion, xantaia egiteko: etxegabetzea egun horretan bertan gauzatuko ez balitz, "Eusko Jaurlaritzarekin eta Arrigorriagako (Bizkaia) Gizarte Zerbitzuekin adostutako alokairu soziala galduko zuela" esan zioten (izan ere, behin-behineko bizileku bat eskaini diote).
Emakumeak, beraz, etxe barruan erresistentzia egin nahian ari ziren pertsonei eskatu behar izan zien irteteko, eta giltzak batzorde judizialari emateko. Hala kanporatu zuten familia etxetik.