Jazarpen polizialari aurre egitera deitu du Ezkerraldeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) ohar baten bidez. Izan ere, azken bi urteetan indarkeria polizialari lotuta eskualdean izan diren kasu ugariak gogoan, beharrezkotzat jo du "bortizkeria polizialaren aurka borrokatzea"; "beti ere Poliziaren funtzio estrukturala seinalatuz, inpunitate polizialaren aurka eginez eta, batez ere, langile-klaseak era independentean aparatu errepresiboei aurre eginez".
Azken bi urteei erreparatuta, Ezkerraldean izan diren hamaika kasuak ekarri ditu gogora GKSk: 2024ko martxoan, Barakaldoko udaltzain batek kale-egoeran zeuden bi pertsona zauritu zituen tiroz, haietako bati begi bat galduaraziz; 2026ko apirilean, Barakaldoko udaltzaingo berak beste pertsona baten aurka egin zuen tiro; 2026ko otsailean, kalez jantzitako bi ertzainek hiru lagun jipoitu zituzten Sestaon eta haietako bati barrabileko ebakuntza bat egin behar izan zioten horren ondorioz; eta denetan kasurik larriena joan den ekainaren amaieran izan da, Santurtziko udaltzainek Ander izeneko gazte bat erail baitute, taser pistolarekin eta borrekin jipoitu eta koman sarrarazi ostean.
Poliziaren egiturazko funtzioa eta inpunitatea
"Ezin dugu gehiago onartu kasu hauek gertatzea", adierazi du Ezkerraldeko GKSk. Ohartarazi du halako gertakariak ez direla "Poliziaren gehiegikeriak edo kudeaketa desegokiak", baizik eta "Poliziaren funtzio estrukturalaren" ondorio. Eta funtzio hori, hain justu, "langile-klasea otzan eta diziplinatua mantentzea" dela gogorarazi du gazte-antolakundeak. "Horren seinale da indar polizialek duten inpunitatea ere. Askotan ez dute zigorrik jasotzen edo zigor oso txikiak dira, komunikabideen konplizitatea dute Polizia kokatuz biktima gisa, eta baita zenbait alderdi instituzionalen isiltasuna ere", gaineratu du.
Horiek horrela, azaldu du hori guztia ez dela "Ezkerraldera mugatzen", orokorrean "autoritarismoa indartzen" ari delako: "Langileriaren baldintzak kaskartzen ari diren honetan, sektore zaurgarrienak zein kapitalismoaren aurka egin dezaketenak isilarazi behar dira, ikusi dugun bezala, errepresio gordinaren bidez". GKSk azpimarratu du horixe bera dela polizia-indarren funtzio nagusia, "estatuaren beso armatua izatea" alegia. "Taserrak eta borrak estatuak finantzatzen ditu, alderdi politikoen onarpenarekin".
Antolakundeak salatu du, gainera, ideia faxistei bide egiten diela horrek guztiak, "pobrea kriminalizatuz" eta "estatu-aparatu errepresiboen beharra mahaigaineratuz" besteak beste. "Testuinguru hau normalizatzekotan, etorkizunean egoerak okerrera egingo du eta salbuespen horiek arau bihurtuko dira", azaldu du, "gaurdanik" indarkeria polizialaren kontra erantzutera eta antolatzera deituz.