ACTUALIDAD / Represión
Barakaldoko udaltzainek berriz egin dute tiro pertsona baten aurka
Gizon batek labana bat zuela aitzakiatzat hartuta, bere kontra tiro egin eta hanka batean zauritu zuen udaltzaingoak, eta borra-kolpeka jipoitu zuen gero.
2026eko apirilaren 7 - 07:52
Barakaldoko udaltzainek berriz egin dute tiro pertsona baten aurka
— ARGAZKIA Tele7.TV

Aurreko ostiral arratsaldean, Barakaldoko (Bizkaia) udaltzainak berriz izan ziren tiro bidezko eraso bateko protagonista. Oraingoan, 61 urteko gizonezko bat zauritu dute balaz, lapurreta bat egin zuela eta eskuan labana bat zeramala argudiatuta. Zauriturik zegoenean, gainera, borrarekin jipoitu zuten.

Karmen auzoan gertatu zen, 20:00ak baino lehen. Udaltzaingoak abisu bat jaso omen zuen denda batean izandako lapurreta zela-eta, eta poliziak bertaratu zirenean, saltokiaren kanpoaldean aurkitu zuten seinalatutako gizonezkoa. Hainbat hedabideren arabera, labana bat zeukan eskuan, eta bere aurka jo zuten udaltzainek: taser pistolarekin eraso zioten lehenengo, baina bala-pistola erabili zuten gero. Hanka batean zauritu zuten balaz.

Sareetan zabaldu den bideo batean ikusten denez, taser pistolarekin eta balaz gizona zauritu ostean, udaltzainetako batek borra-kolpeka egin zion eraso, lurrean zegoela. Esku-hartze poliziala defendatu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok (EAJ).

Honakoa ez da Barakaldoko Udaltzaingoak tiroketa bat gauzatzen duen aurreneko aldia. Joan den otsailean atera zen argitara auzipetuta dagoela udaltzain bat, bi urte lehenago, kale-egoeran zeuden hainbat pertsona tiroz zauritzeagatik. Garbigunetik gertu dagoen tunel batean izan zen eraso poliziala, 2024ko martxoaren 21ean.