Beste hiru biktima utzi ditu Ertzaintzaren bortizkeriak, Sestaon (Bizkaia) oraingoan. Hainbat komunikabidek jaso dutenez, aurreko igande goizaldean gertatu zen: hiru lagunen kontra oldartu ziren kalez jantzitako bi ertzain, borra luzagarriekin kolpatu eta atxilo hartu baitzituzten gero. Haietatik bi ospitalera eraman behar izan zituzten ertzainek eragindako lesioen ondorioz, eta zaurituetako bati, 22 urteko gizonezko bati, ebakuntza egin behar izan zioten testikuluetan.
Oraindik ez dituzte konfrontazio polizialaren arrazoiak erabat argitu, baina lehenengo informazioen arabera, zerikusia izan zuen elkarrekin zihoazen hiru pertsonek ertzainen autoa nolabait kolpatu izanarekin. Ibilgailuak ez zuen inolako bereizgarri ofizialik, antza denez.
Biktimetako batek, ebakuntza jasan duen gaztearen amak hain zuzen ere, salaketa jarri du gertatutakoaren harira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan, barne-ikerketa bat abiatu du Ertzaintzak. Badirudi Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak agerraldi bat egingo duela Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean, azalpenen bat emateko.
Momentuz, Segurtasun Sailak esan du ertzainak "hainbat pertsona zarataka hasi zitzaizkielako eta autoa kolpatu zutelako" gelditu zirela, eta "ustez polizia-autoa kolpatu zutenekin jardun zutela borrokan" horren ondoren. Patruila gehiago bertaratu ziren gero, eta atxilotu egin zituzten elkarrekin zeuden hiru lagunak. Ertzainei eraso egitea leporatzen omen diete.