ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Poliziak Txantrean, otsailaren 6an. Argazkia: Iruñerriko GKS
2021/02/16 14:26

Pertsona bat epaitu berri dute Iruñeko (Nafarroa) Zigor arloko epaitegian, aurreko urteko azaroan Erletokieta kalearen eta Zaragoza hiribidearen artean polizia-indarrekin izan zen liskar baten harira. Auzipetua hainbat lagunekin zegoen kalean azaroaren 7ko gauean, kale-edanean, eta haiengana jo zuten udaltzainek, identifikatzeko eta isunak jartzeko. Epaitua izan den pertsona udaltzainen esku-hartzea grabatzen hasi zen, telefono mugikorraren bidez, eta irudiak sareetan zabalduko zituela esan zien.

Taldearengandik banandu zuten orduan, eta grabatzeari uzteko esan zion polizia-agenteetako batek. Hark ezetz esan zuen, eta mugikorra kendu zion udaltzainak. Sententziaren arabera, auzipetuak udaltzain bati bultza egin zion orduan, eta poliziek auzipetua azpiratu zuten.

Epaiketan, fiskaltzak 21 hilabeteko espetxe zigorra eta 600 euroko isuna galdegin zituen pertsona horrentzat, autoritatearen aurkako atentatu delitu bat eta lesio delitu arin bat leporatuta.

Irudien erabilera, debekatuta

Zigor arloko 4. zenbakiko epaileak ebatzi du polizien esku-hartze bat grabatu dezakeela norbanako batek, "polizia-gehiegikeriaren bat saihesteko edo horretaz ohartarazteko berme posible gisa", baina "araudi erregulatzailean ezarritako mugekin". Hala, epaile horren arabera, gero ezin daiteke "datu edo irudi horien erabilera irregularra" egin sareetan. Haren ustez, irudi horiek sareetan "berehala" argitaratzea "erabilera irregularra" izan daiteke hainbat egoeratan, bai eta polizia-agenteak "mediatikoki erakustea" ere, "inolako arrazoirik gabe". Adibide modura aipatu du auzibide horrek jaso duen kasua.

Epaileak, bestalde, adierazi du badela "korronte bat" galdegiten duena polizia-agenteak izatea beren esku-hartzeak grabatzen dituztenak. Hori "ariketa sanoa" litzatekeela esan du.