Erretiroa hartu berri duten pertsonei buruzko hainbat datu argitaratu zituen Eurostatek aurreko astean. Europako 30 herrialde ikertu ditu, eta ondorioztatu du, batez beste, pentsiodunen %13k jarraitu behar dutela lanen bat egiten erretiroa hartu eta hurrengo sei hilabeteetan, gutxienez. Jubilatu berrien artean, pentsioa eta lana uztartu behar dituzten pertsonen kopururik handiena Estonian erregistratu dute, %55 baitaude egoera horretan.
Jubilatu berri direnen artean enplegatu gehien dituzten herrialdeen zerrendan, hurrengoak dira Letonia (%44,2), Lituania (%43,7), Islandia (%42,3) eta Suedia (41,7). Kontrara, portzentajerik baxuenak topatu dituzte Errumanian (%1,7), Grezian (%4,2), Espainiako Estatuan (%4,9), Kroazian (%5) eta Eslovenian (%8).
Espainiako Estatuko datuei buruzko irakurketa baikorretatik urrun, CCOO sindikatuko Carlos Bravok ohartarazi du ehuneko baxu hori azal dezakeela lan-merkatuan ohikoa den joera batek: 55 urtetik gorako beharginak sistematikoki baztertzearena. Eurostatek berak jakinarazi duenez, Espainiako Estatuan berriki jubilatu diren pertsonen artean, %25,8k zeramaten gutxienez urte erdia langabezian. Batez besteko portzentaje hori %22,4koa da Europan.
Pentsioen erreformak
Herrialdi ugaritan ari dira diseinatzen erretiroa atzeratzeko erreformak, Frantziako eta Espainiako estatuak kasu. Lege bidezko bultzadak norabide horretan doaz erabat: sindikatu nagusiekin eta patronalarekin adostuta, jubilazio partziala sustatu eta erretiro-adina 67 urtera berandutzeko neurriak atera ditu mahaira Espainiako Gobernuak, eta Frantziakoak iaz inposatu zuen, dekretuz, erretiro-adina 64 urtera geroratzea.