ACTUALIDAD / Sindicalismo
Greba mugagabera jo dute Zarauzko eta Bergarako IATko langileek
"Lan bera egiten duten langileen arteko berdintasuna eta justizia bilatzen ditugu", azaldu dute ITASUAko langileek. Gipuzkoako gainerako IAT lantokietan baino 133 ordu gehiago egiten dituzte lan, gutxiago kobratuz. Greba-eskubidearen urraketa salatu dute Zarautzen: langile bat kontratatu dute grebalariak ordezkatzeko.
2026eko uztailaren 13 - 08:36
Greba mugagabera jo dute Zarauzko eta Bergarako IATko langileek
— ARGAZKIA barrena.eus

Ekainaren 29an eta uztailaren 8an eta 10ean egindako lanuzteen ondoren, greba mugagabeari ekin diote Bergaran eta Zarautzen Ibilgailuen Azterketa Teknikoan (IAT) aritzen diren langileek. ITASUA enpresarako hitzarmen propio bat eskatzen dute, euren lan-baldintzak Gipuzkoako gainerako IAT lantegietako baldintzekin parekatzeko. Izan ere, jakinarazi dute 133 ordu gehiago egiten dituztela lan Bergaran eta Zarautzen, eta gutxiago kobratuz gainera: 2.000-8.000 euro gutxiago ordaintzen dizkiete. "Lan bera egiten duten langileen arteko berdintasuna eta justizia bilatzen ditugu", diote ELA eta LAB sindikatuek.

ITASUA enpresarentzat jarduten dute Bergarako eta Zarauzko plantillek, eta asteak daramatzate ituna negoziatzen, baina akordiorik gabe; konpainiako zuzendaritzak negoziatzeko duen borondate falta gaitzetsi dute sindikatuek. Salatu dute, gainera, oraintsu egin dituzten lanuzteetan langileen greba-eskubidea urratu duela enpresak: Zarautzen, langile berri bat kontratatu dute grebalariak ordezkatzeko.

Orain arteko lanuzteekin bi lantokietako jarduera erabat gelditzea lortu dute beharginek, eta azaldu dute mobilizazioekin jarraituko dutela euren exijentziak betearazi arte. Joan den uztailaren 8an egindako prentsaurrekoan, sindikatuek gogorarazi zuten IAT tailerretako jarduerak "interes publikoko zerbitzu baten ezaugarri asko" dituen arren, "etekin ekonomiko handiak sortzen" dituela: "Azken 5 urteetan, [ITASUAri loturiko] Larrauri familiak 5.000.000 euro inguru eraman ditu". Eta gaineratu zuten: "Ezin da onartu zerbitzu honen etekinak gutxi batzuen aberastasuna handitzeko erabiltzea, langileen lan-baldintzak atzean uzten diren bitartean".