ACTUALIDAD / Régimen salarial
Alemaniak 70 urtera igoko du erretiro-adina
Merzek erreforma integral bat aurkeztu du, derrigorrezko pentsio pribatuak barne hartzen dituena, gastu militarraren hazkunde bete-betean. SPDko Lan ministroak "erabateko artelantzat" jo du proposamena.
2026eko ekainaren 24 - 06:44
Alemaniak 70 urtera igoko du erretiro-adina
— ARGAZKIA brisant.de

Friedrich Merz kantzilerraren gidaritzapean, kontserbadoreek eta sozialdemokratek osatutako koalizio bat dago Alemaniako Gobernuan, eta pentsioen sistema federala aldatzeko proiektu bat aurkeztu zuen atzo Berlinen. "Aditu independenteen" batzorde batek egindako txosten "tekniko" bat dauka oinarritzat erreformak, eta erretiroa hartzeko gutxieneko adina 70 urtera arte atzeratuko dute pixkanaka. Gainera, ohiko jubilazio publikoaren osagarri modura, kapitalizazio pribatuko derrigorrezko eredu bat ezarriko dute. EFE albiste-agentziak jakinarazi duenez, Alemaniako Gobernuak dokumentu makroekonomikoa osatzen duten 33 neurriak osorik aplikatu nahi ditu, eta helburutzat dauka legegintza-tramiteen lehen faseari urte honen bigarren erdian ekitea, datozen hamarkadei begira, erreforma indarrean sartzea bizkortzeko.

Erreformaren mamiak ezartzen duenez, 2031tik aurrera (urte horretan amaitzen da gaur egungo trantsizio-prozesua, 1964tik aurrera jaiotakoentzako, 67 urteko erretiro-adina finkatzen duena) "doikuntza automatikoko" mekanismo berri bat sartuko da indarrean, bizi-itxaropena handitu izanari zuzenean lotuta. Aurreikuspen horien arabera, 2032tik aurrera, erretiroa hartzeko adin minimoa sei hilabete luzatuko da hamarkada bakoitzeko, eta, ondorioz, erretiroa 2092tik aurrera hartzen duten belaunaldiek, nahitaez, 70 urte bete arte egin beharko dute lana. Merz kantzilerrak komunikabideen aurrean defendatu du ,"aldaketa garrantzitsu horiek gabe, prestazio publikoen maila jaitsi egingo litzatekeela ezinbestean".

Proiektuaren bigarren berrikuntza handia Eskandinaviako herrialdeetan (Suedian, esaterako) ezarritako kapitalizazio-ereduan oinarritzen da, eta soldatapekoak eta korporazioak kapitalen merkatuan elkarrekin inbertitzera behartuko ditu, funts publiko tradizionala osatzeko. Neurri horrek karga gehigarri mailakatu bat ekarriko du, 2028tik aurrera aktibatuko dena, kotizazio-tasan urteko %0,5eko gehikuntzarekin, 2031n %2ko errekargu finkora iritsi arte. Gobernuaren arabera, kostu hori enplegatzailearen eta enplegatuaren artean "erdibana" hartuko dute beren gain. Berlinen datuen arabera, nahitaezko inbertsioaren fluxu horren bidez, gutxienez 30.000 milioi euro injektatuko dituzte urtean inbertsio-funts pribatuetan.

Murrizketa sozialak gastu militarrerako

SPDko Bärbel Bas Lan ministroak proposamena babestu du, "erabateko artelana" dela esanez, eta nabarmendu du kanpoko inbertsioaren bidez lehen zutabe publikoa indartzeak "aukera emango diela belaunaldi gazteei pentsioen gutxieneko maila oinarri arautzailearen %50era arte igotzeko, gaur egungo %48a gaindituz".

"Ongizatearen Estatuko" murrizketa horren iragarpena bat dator Merzek gobernuaren aurrekontu-jarraibideak aurkeztu izanarekin. Ildo horiek aurreikusten dute Alemaniaren gastu militarra %28 handitzea 2027an, partida sozialen eta osasun-partiden kalterako, Europako ekonomia nagusiaren baliabide publikoen esleipenean aldaketa estrategiko bat sendotuz.