ACTUALIDAD / Sindicalismo
Greba mugagabea Zarauzko eta Bergarako IAT lan-zentroetan
Bergaran jarduera geratzea lortu dute langileek, baina Zarautzen langile berri bat kontratatu dute grebalariak ordezkatzeko. Lan-baldintzak Gipuzkoako gainerako zentroetako baldintzekin parekatzeko ari dira borrokan ITASUAko beharginak.
2026eko uztailaren 14 - 08:47
Greba mugagabea Zarauzko eta Bergarako IAT lan-zentroetan

Greba mugagabean daude Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoan (IAT), "hitzarmen duin baten alde". Ekainaren bukaeratik hona hiru lanuzte egin ondoren, greba mugagabera jo zuten atzo bi lantegietako plantillek: izan ere, salatu dute blokeatuta dagoela enpresako hitzarmena berritzeko negoziazioa. Mobilizazioekin jarraitzen dute: atzo Bergaran egin zuten auto-karabana bat, eta gaur Zarautzen egongo dira elkarretaratuta goiz osoan zehar.

ITASUA enpresarentzat jarduten dute soldatapean, baina Gipuzkoako gainerako zentroetan baino baldintza okerragoak dituzte: 133 ordu gehiago lan egin arren, askoz ere gutxiago kobratzen dute; kasu batzuetan, 8.000 eurorainokoa da aldea. Horiek horrela, euren lan-baldintzak Gipuzkoako beste zentroetakoekin parekatzea eskatzen dute Zarauzko eta Bergarako lantokietako beharginek.

ITASUAk hiru IAT zentro ditu Euskal Herrian: Bergaran, Zarautzen eta Gasteizen. ELAren eta LABen esanetan, azken negoziaketan "Gipuzkoarentzat nahikoak ez ziren lan-baldintzak onartu zituzten" Gasteizko langileek. Horiek horrela, borrokari ekin diote Gipuzkoako bi zentro horietako plantillek, euren lan-baldintzen defentsan.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GedarLangileKZ/status/2076920632256692394

Gaur goizean langileetako batek GEDAR LANGILE KAZETAri azaldu dionez, Bergarako lantegian jarduera etetea lortu dute grebari esker, baina Zarautzen hori ekidin du enpresako zuzendaritzak, grebalariak ordezkatzeko langile bat kontratatuz: mugimendu horren legezkotasuna zalantzan jarri dute langilen-batzordetik. Hiru hilabeteko lan-kontratu bat egin diote momentuz behargin berri horri, eta bere bidez mantentzen dute zabalik Zarauzko IAT zentroa: gaur goizean, plantilla parean zela ireki dute hura, baina nabarmenak ziren kotxeen ilarak. Greban dauden langileek adierazi dute borrokan jarraituko dutela.