ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/08 09:39

Stockholmeko Nazioarteko Bakerako Institutu Independenteak (SIPRI, ingelesezko sigletan) kaleratutako azken txostenaren arabera, europa mendebaldeko eta erdialdeko gastu militarra Gerra Hotzaren azken urteetakoa baino altuagoa da. Soilik 2022 eta 2023 artean, "defentsarako" eta "segurtasunerako" gastua %16 handitu zen, batez beste. Hori, baina, urte bakarreko igoera da, izan ere, azken hamarkadan Europako herrialdeen gastu militarraren igoera %62koa izan da. 2014an 330.000 milioi euro bideratu baziren armagintzara, 2023an 552.000 milioi eurora iritsi zen zifra hori.

Soilik 2022 eta 2023 artean, "defentsarako" eta "segurtasunerako" gastua %16 handitu zen, batez beste. [...] 2014an 330.000 milioi euro bideratu baziren armagintzara, 2023an 552.000 milioi eurora iritsi zen zifra hori

Halaber, gorantz egiten jarraituko dute datu horiek, NATOren parte diren herrialde guztiek euren BPGaren gutxienez %2 "defentsara" bideratzeko konpromezua hartu baitute. Horren adibide argia da Alemania, zeinak azken hamarkadan bere aurrekontu militarra %48 igo badu ere, "motz" geratzen den.

Horietako zenbaitek, gainera, muga hori aspaldi gainditu zuten: armagintzan gehien gastatu duen europar herrialdea Erresuma Batua da, zeinak BPGaren %2,3 bideratu duen gastu militarrera. Poloniak, adibidez, BPGaren %3,8 gastatu zuen armagintzan 2023an, eta gobernuaren helburua da datozen urteetan %4ra iristea. Espainiako Estatuari dagokionez, 2023an "historiako gobernurik aurrerakoienak" %10 igo zuen  "defentsan" egindako gastua, BPGaren %1,5ean kokatuz eta, betiere, NATOko gainontzeko estatuekin batera, gutxienez %2ra heltzeko xedearekin.

Txanponaren ifrentzua

Armagintzara eta kontrol sozialera bideratutako dirua esponentzialki handitzen duten bitartean, 2023ko abenduaren 20an, Europar Batasuneko estatuetako Ekonomia ministroek Egonkortze Plana berritu zuten, aho batez. Arau berriek 100.000 milioi euroko murrizketak eragingo dituzte 2025etik aurrera, Sindikatuen Europar Konfederazioaren (SEK) hitzetan.

2023ko abenduaren 20an, Europar Batasuneko estatuetako Ekonomia ministroek Egonkortze Plana berritu zuten [...] rau berriek 100.000 milioi euroko murrizketak eragingo dituzte 2025etik aurrera

Pasa den urtarrilaren 17an, Egonkortze Planaren erreforma onartu zuen Europar Parlamentuak, ezkerreko zein eskuineko alderdien oniritziarekin. Erreformaren ondorio behinenak lirateke, batik bat, Europako Batzordeak bere gain hartuko lukeela estatu bakoitzaren aurrrekontu planak egiaztatzea eta onartzea, hamaika neurri eta baldintza inposatzeko gaitasuna edukitzea eta adostutako programen betetzea kontrolatzea.

Funtzio horietako gehienak ez dira berriak Europar Batasunaren funtzionamenduan, baina orain arte bestelako mekanismo batzuen bidez gauzatzen zen. Datorren urtetik aurrera, ordea, Batzordeak zuzenean izanen du horretarako gaitasuna. Hori dela eta, estatu gehienek egoera berrira moldatzeko neurriak har daitezen galdegin dute jada.

Frantziako Estatuak, adibidez, 2025etik aurrera, 26.000 milioi euroko murrizketak egin beharko ditu urtero [...]. Italiak 13.500 eta 25.400 milioi euro arteko murrizketa bat egin beharko du urtero, eta antzera Espainiako Estatuak

Frantziako Estatuak, adibidez, 2025etik aurrera, 26.000 milioi euroko murrizketak egin beharko ditu urtero Egonkortze Plana betetzeko, SEKen datuen arabera. Murrizketak "arlo sozialean" egingo direla baieztatu du konfederazioak, zerbitzu publikoen are okertze handiagoa aurreikusita, bai eta estatu guztietara hedatuko direla. Hala, Italiak 13.500 eta 25.400 milioi euro arteko murrizketa bat egin beharko du urtero, eta antzera Espainiako Estatuak, 8.900 eta 13.900 milioi euro arteko murrizketekin.

NO HAY COMENTARIOS