Amerikako Estatu Batuen baimena izan bezain pronto erabili ditu misil estatubatuarrak Ukrainak: ATACMS misilak jaurti ditu Errusiara. Astearte goizaldean izan zen erasoa, mugako Briansk eskualdean. Bost misil gelditzea lortu zuen Errusiak, eta bat kaltetzea. Ukrainak Mendebaldeko armak Errusiaren kontra erabiltzen dituen lehenengo aldia da, eta Errusiako Gobernuak marra gorritzat hartutako zerbait da hori, hain justu: aurrez esan zuen, halako zerbait gertatuz gero, frogatutzat joko zuela AEBen, NATOren eta Europaren parte-hartze zuzena gerran.
"Erasoak ez dira hitzekin egiten. Horrelako gauzak ez dira iragartzen. Misilek beren kabuz hitz egingo dute", mehatxatu du berriki Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik. Urtebetez eskatu du ATACMS misilak erabiltzeko baimena, eta azkenean badu. AEBetako hainbat komunikabidek esan zuten Ukrainak Errusiako Kursk probintzian baino ezingo zituela arma horiek erabili, teorian, Ipar Koreak probintzia horretara mobilizatu omen zituelako bere tropak. Dena den, Ukrainako Armadak Briansken egindako erasoak gezurtatu egiten du hori hala izango denik.
Ukrainako Gobernuak atzo bertan aurkeztu zuen "defentsa nazionala" indartzeko plan bat, eta nabarmena izan zen kanpo-laguntza militarrarekiko daukan dependentzia. Dena den, Zelenskik beharrezkotzat jo zuen herrialdeko industria militarrak gaitasunak irabaztea: urtean 30.000 drone eta 3.000 gurutzaldi-misil ekoizteko ahalmena lortu nahi du.
Errusiaren erantzuna
Errusiako presidente Vladimir Putinek ohartarazi duen jadanik: "gatazkaren esentzia eta izaera aldatuko" dituzte AEBen eta Ukrainaren azken mugimenduek. "Mendebaldeak Errusiaren aurka daraman gerraren fase berri bat dela uste dugu", esan du Errusiako Kanpo ministro Serguéi Lavrovk: "Horren ondorioz erantzungo dugu".
Momentuz, arma nuklearrei lotutako presidentetza-dekretu bat eman du astearte honetan Errusiak: eraso nuklearrak egitea baimendu du, baldin eta etsaien batek egindako erasoa "mehatxu kritiko bat" bada Errusiaren eta Bielorrusiaren "subiranotasunarentzat edota lurralde-osotasunarentzat". Lavrovek gaineratu du "disuasio-tresna bat" direla arma nuklearrak eta dekretu nuklear berria, "gatazka handiagoak prebenitzeko". Ohartarazi du, gainera, gobernuaren azken doktrinak AEBen antzeko politikak jasotzen dituela.
Europako hainbat estaturen jarrera, Errusiaren aurka
Denbora luzez ikusi ahal izan den modura, Europako gobernuen artean Errusiaren aurkako posizioa da nagusi. Atzo bertan, adierazpen bateratu bat argitaratu zuten Espainiako eta Frantziako estatuetako eta Alemaniako, Erresuma Batuko Italiako eta Poloniako Kanpo ministroek, Errusia seinalatzeko. Leporatzen diote "Europako ezegonkortasunari modu zuzenean desafio egitea".
Hori gutxi balitz, "gastu militarra areagotzeko beharrari" egiten diote azpimarra, baita Barne-Produktu Gordinaren (BPG) %2aren gainetik ere, Europaren gaitasun militarra sendotzen segitzeko, eta eskaladan horrek izan dezakeen eraginari aipamenik egin gabe. Ukrainari laguntzen jarraitzearen alde ere agertzen dira Kanpo ministroak, baliabide ekonomikoak hara bideratuta. "Europako kohesioa mantentzearen garrantzia" aldarrikatzeaz gain, NATOren barruan "kargak modu ekitatiboan banatzera" deitzen dute.