Gero eta gehiago dira etxebizitza bat eskuratu ezin duten langileak, Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak gaur ohartarazi duenez. Izan ere, "pandemiaren kudeaketa burgesa" klase zapalkuntza sakontzen ari dela azaldu dute, eta horrela, pobrezia areagotzen: etxegabetze gehiago, kalean bizi diren pertsona gehiago, etxe giroko indarkeria haztea… Horren adierazgarri, Lakua auzoko familia baten egoera. Metatutako ez-ordaintzeen ondorioz, "ezer egin ezean, Ainhoa, Angel eta euren lau seme-alabak kalean geratuko dira halabeharrez".
Gasteizen egindako
agerraldian esan dutenez, duela hamar urtetik Alokabideren pisu
batean bizi den familia bat kaleratzeko prozedura hasi zuen Eusko
Jaurlaritzaren sozietate horrek, eta exekuzio dataren zain daude
orain. "Euren kasua ez da kasu isolatu bat, aipatutako basakeriaren
isla garbia baizik". Azaldu dute diru laguntzekin bizirautea beste biderik ez
duela familia horrek, eta elbarritasun maila handia duela semeetako batek.
Instituzioen aldetik ez dute alternatibarik izan: zorraren %70
kolpetik ordaintzea proposatu zien Alokabidek, baina ezinezkoa dute
halako diru kopururik biltzea, eta Gizarte Zerbitzuen aldetik ere ez
dute inolako alternatibarik etxebizitza baterako.
"ALOKABIDEK ETXEGABETZEN DU"
Egoera honetan, bi elementu mahaigaineratu nahi izan dituzte Etxebizitza Sindikatuko kideek: Alokabideren rola batetik, eta larrialdi egoeretarako alternatibarik eza, bestetik. Izan ere, etxebizitza sozialak kudeatzeko sozietate publiko bat izan arren, Alokabidek etxegabetze ugari gauzatu dituela oroitarazi dute; 2018an, adibidez, 184. "Alokabidek etxegabetzen du!".
Gainera, zorpetze eta etxegabetzeak haztea aurreikus daitekeen arren, Gasteizen larrialdi egoeretarako irtenbiderik ez dagoela salatu dute: "Izan ere, aterpean ez dira familiak onartzen eta gainerako instalazioak beteta daude. Astero hamarnaka dira muturreko desesperazio egoeran Etxebizitza Sindikatura gerturatzen direnak".
Egoera horretan,
Ainhoa, Angel eta haien familia osoak aterabide bat behar duela azaldu dute:
edo Alokabidek zorra guztiz zatitu eta etxegabetzea bertan behera
uztea, edo Gasteizko Udalak kalitatezko etxebizitza alternatiba
iraunkor bat bermatzea. Udalak baditu hori posible egin eta "amaierarik okerrena" saihesteko baliabideak, Etxebizitza Sindikatuaren esanetan.
Iazko azaroan aurkeztu zuten Etxebizitza Sindikatua Gasteizen, eta ekinbide ugari jarri ditu martxan geroztik. Besteak beste, legez kanpoko etxegabetze bat gelditzea lortu zuten joan den otsailean, eta langileon kontrolpeko gune baten berri eman zuten abuztuan.