ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Madrilgo Unibertsitate Autonomoa
2025/11/02 08:39

Espainiako Estatuan "Trantsizio" gisa ezagutzen den garaia ere (1975-1982) itzalez beteriko pasarte historiko bat da. Diktadura frankistatik "demokraziarako" eraldaketa garbi bezala saltzen dute denbora-tarte hori, baina hamaika dira ezbaian jarri izan diren auziak, eta arlo ekonomiko industriala, esaterako, ez da salbuespen bat.

IBEX 35. Una historia herética del poder en España txostenak gogorarazten duenez, 90eko hamarkadan sortu zuten lehen "IBEX 35 indizea", momentuko 35 enpresa boteretsuenek osatutako koordinazio-mahaiari lotuta. Horien artean, kontseilari exekutibo ugari zetozen zuzenean frankismoaren instantzia teknokratiko gorenetatik. Hain zuzen ere, postu horietan kokatu ziren agintari ekonomikoen artean, %40 baino gehiago zetozen frankismoko elite ekonomikoetatik. Txostenak azpimarratzen du kooptazio masibo horren bitartez lortu zutela elite ekonomikoek beren iraupena eta eragin-sareen transferentzia, aurreko urteetan erregimen faxistaren bitartez euren botere ekonomikoa finkatu zutenen amnistia lortzearekin batera.

Erregimenaren azken urteetako kapital-kontzentrazioak ahalbidetu zuen hori guztia, besteak beste. Izan ere, urte horietan, 100 familia ingururen artean kontrolatzen zuten Espainiako Estatu osoko bankuen kapitalaren %84,8. Momentuko hogei banku garrantzitsuenetako hamaseik, zehazki, ahaidetasun-loturak zituzten. Aipatutako kapital-kontzentrazioak bultzatuta, elite ekonomikoek 300.000 milioi pezeta baino gehiago "atera" zituzten atzerriko herrialdeetara inbertsio moduan 1975etik 1977ra arte, "Trantsizioko" gobernuak bere eskaerak bete zitzan, ondoren etorriko ziren Moncloako Itunetan eta antzerakoetan.

Estatuaren ondarearen transferentzia ere oligopolio forman gauzatu zuten, desarautze kontrolatu baten eta pribatizazio selektiboen bitartez. Bizi-baliabideetara bideratutako estatu-konpainia (Industria Institutu Nazionala) Endesa, Telefónica eta antzerako enpresetan desegin zen, eta garaiko elite ekonomikoaren gidaritzapean geratu zen. "Demokraziako" alderdi instituzionalek hitzartu zuten hori, defizit publikoa murriztearen aitzakiapean. Operazio horiek, gainera, 1982ko BPGaren %5,6 izatera iritsi ziren. Dena den, hainbat ikerketak salatu dutenez, "merkatuko balioa baina askoz ere merkeago" saldu zituzten enpresa publiko horiek.

NO HAY COMENTARIOS