ACTUALIDAD / Fascismo

Isiltasun instituzionala Martin Aranbururen kasuan: Frantziako alderdi politikoen adierazpen urriak

Federico Martin Aranbururen hiltzaileen aurkako epaiketa aurrera doa, eta auziko saio guzti-guztien jarraipen berezia izaten ari bada ere, alderdi politiokek adierazpen bakan batzuk besterik ez dituzte egin azken lau urte eta erdian.
2026eko irailaren 25 - 06:10
Isiltasun instituzionala Martin Aranbururen kasuan: Frantziako alderdi politikoen adierazpen urriak
— ARGAZKIA Thibault Souny/AFP

Aurrera doa Federico Martin Aranbururen hiltzaileen aurkako auzia, Parisko Krimen Auzitegian. Irailaren 7an hasi zuten epaiketa, eta Groupe Union Défense (GUD) talde faxistako bi kideei hilketa eta hilketa-saiakera delituak egotzi dizkiete: lehena Loik Le Prioli, Romain Bouvierri bigarrena. Beste bi lagun ere auzipetu dituzte: Lyson Rochemir konplizitateagatik, eta Anthony Sorrentino frogak eta faxistak ezkutatzeagatik nahiz laguntzeagatik. Ebazpena gaurko espero dute. Auziko saio guzti-guztiak jarraipen berezia ari dira izaten. Alderdi politikoek, ordea, adierazpen bakan batzuk besterik ez dituzte egin duela lau urte eta erdi Martin erail zutenetik. Hala adierazi zuen iaz errugbi jokalariaren amak, eta Antton Rouger kazetari eta eskuin muturrean adituak argi adierazi du: "Zinez harrigarria da antifaxistatzat jotzen diren zenbait erakunde ere auzi honetan hain isilik egotea".

Errepublikarren epelkeria eta Bruno Retaillauren jarrera hotz eta arrazistak

Hein horretan, iazko udan (2025eko ekainaren 29an) Martin Aranbururen amak hitza hartu zuen BMF TV kanaleko saio batean, Bruno Retailleau (Les Republicains, LR) Frantziako Gobernuko Barne ministroa han zela. Birritan pentsatu gabe, Cecilia Aranburuk hitz-hartzea baliatu zuen politikari eskuindarrari hainbat azalpen eskatzeko. Artean, semea 2022ko martxoan erail ondoren, lehen hiru hilabeteetan agintari politikoek "adierazpen argirik" egin ez izana deitoratu zuen.

Bere horretan adierazpenak merezi dituen gertakari bat izanda, testuinguruak isiltasuna are eta larriagoa bihurtu zuen: 2022ko martxoaren 28an Frantziako hauteskunde presidentzialetarako kanpaina abiatu zen, faxistek Martin erail eta bederatzi egunera, hain zuzen. Bi hilabete beranduago, ekainean, hauteskunde legegileak egin zituzten estatuan, Asanblea Nazionala osatzeko. Hala, telebista-programan Aranburuk zalantza egin zuen politikarien zeregina ea halako gertakariak "publikoki salatzea" ala "isilik egonez" zuritzea ote den. Izan ere, senideek hedabideen bidez jakin zuten nortzuk ziren Martin erail zuten faxistak, zein aurrekari zituzten, eta zein baldintza urratzen ari ziren Aranburu eta Higertyrekin liskarra izan zuten unean: "Isiltasun ofiziala izugarria izan zen. Guretzat, Frantziako Gobernuak zilegitasun osoa galdu zuen", aitortu zuen Ceciliak.

Ez da gutxiagorako, senideek 2025eko ekainaren bukaeran, semea galdu eta hiru urte luzera, ez baitzekiten oraindik noiz izango zen hiltzaile faxisten aurkako auzia. Era berean, hilabete lehenago Hichem Miraoui erail zuten Var-Probentzan, 2025eko maiatzean, eta isiltasun instituzionala handia izan zela baieztatu zuen Aranburuk.

Jarraian, honelaxe erantzun zion Retailleauk Aranbururi: "Sentitzen dut, baina ni ez nintzen garai hartan Barne ministro [Jean Castex (Renaissance) zen], eta ziur naiz orduko gobernuak eraso arrazista hori deitoratu zuela". Erantzun formal eta epela izan zen Retailleaurena; bide batez, ez baitzuen argi eta sendo errugbi jokalariaren erailketa politikoa salatu. Baina, 2025eko maiatzeko hilketa arrazistara itzulita, are eta adierazpen hotzagoak egin zituen politikariak: "Fiskaltza Antiterroristaren Bulego Nazionalak erasotzailea atzeman du dagoeneko. Duela hilabete argi esan nuen; ziur aski, Miraouiren erailketa eskuin muturreko mugimenduek Frantziako lurraldean egindako lehena da". Hona hemen datua: I. Sommier, F. Audigier, eta X. Crettiez soziologoen arabera, 1986 eta 2021 artean, gutxienez 53 lagun erail zituzten eskuin muturreko kideek.

Bruno Retailleau Frantziako Gobernuko Barne ministro izan zen 2024ko irailetik 2025eko urrira. Haatik, adierazpen "arduratsuak" egiten saiatu arren, faxismoaren hedapenaren konplize izan da politikaria: besteak beste, ministro zela, beste hiru lagun erail zituzten tarte horretan, xenofobiak eta arrazakeriak bultzatuta. Aboubakar Cisséren erailketan (2025eko apirila), gainera, honako adierazpen arrazista hauek egin zituen errepublikarrak: "Ez naiz familiarekin harremanetan jarri. 'Afrika Beltzekoak' dira. Zaila, beraz, haiekin kontaktatzea". Horrez gain, Cisséren inguruan esan zuen "norbanakoa egoera irregularrean" zegoela. Hori guztia gutxi balitz, telebistako agerraldi hura baina egun batzuk lehenago, Lyongo (Auvernia-Rodano-Alpeak) La Jeune Garde Antifasciste (JGA) talde antifaxista legez desegin zuten.

Macron, Renaissance, eta gobernu-akordioak

2022ko abenduan, Emmanuel Macron (Renaissance) Frantziako presidentea harremanetan jarri zen Cecilia Aranbururekin, eta Argentinaren eta Frantziaren arteko errugbiko finala ikustera gonbidatu zituen senideak, Qatarren. Aranburuk keinua eskertu zion, bertan denak elkartzea "biziki garrantzitsua" zela adieraziz. Hala ere, biktimaren amak gobernuari eskatu zion "krimen zital horretaz zerbait" adierazteko, horrek ez zuela "prozesu judiziala baldintzatzearekin zerikusirik". 2025eko ekainera arte, alabaina, gobernuak ez zuen bestelako adierazpenik egin, eta isiltasuna nabari da azken bi asteotan ere, epaiketa martxan denetik. Hala ere, 2022ko maiatzean Macronek bigarren agintaldia hasi zuenetik hark izendatutako lehen ministroek noren babesa bilatu duten aztertuz gero, isiltasun instituzionala ulertzeko gakoak mahaigaineratzen dira.

Izan ere, zeharo ezegonkorra izan da Frantziako Estatuko instituzio politikoen egoera ordutik. Asanblea Nazionaleko gehiengoa galduta, unean une gutxiengoen arteko baturak bilatu eta bost lehen ministro izendatu ditu lau urteotan, presidentetzan iraun asmoz. Bide beretik, Macronek Konstituzioko 49.3 artikulura jo du maiz, zentsura-mozioei aurre eginez eta Asanblearen oniritzirik gabe legeak onartzeko. Hori horrela, denbora honetan zehar harremanak izan ditu LR eta Rassemblement Naationale (RN) alderdiekin, eta horiek izan dira, hain zuzen ere, Frantzian eskuin muturraren normalizazioaren eta faxismoaren zigorgabetasunaren arduradun politiko zuzenak.

Esaterako, Élisabeth Borneren (Renassaince) agintaldian (2022ko ekaina-2024ko urtarrila) zehar, 2022ko udan bat egin zuten energia-sektoreko enpresek abantaila fiskalak eduki zitzaten, 2023ko Pentsio Erreformak nahiz Inmigrazio Legearen testuek eskuinaren eskakizun konkretuak jaso zituzten, eta Barne Ministerioaren aurrekontuak puztu zituzten. Gabriel Attalek (Renassaince, lehen ministro 2024ko urtarrila eta iraila artean) abayak (emakume islamiarren arropa bat, txabusina antzekoa) debekatu zituen eskoletan; kaleak militarizatu eta "delitugile" adingabekoen aurkako protokolo eraginkorragoak onartu zituen; baita zerga-salbuespenak onetsi ere nekazal-enpresentzat. François Bayrouk (MoDem), "egoera irregularrean" dagoen biztanleria herrialdetik kanporatzeko protokoloak arindu, eta Palestinaren aldeko taldeak nahiz talde antifaxistak desegin zituen 2025ean, lehen ministro zela; eta, iazko irailetik, Sebastian Lecornu (Renaissance) errepublikar ohiak aurrekontuen zati handiago bat bideratu du Estatuko Segurtasun Indarretara, baita Armadara ere.

Marine Le Pen, eskuin muturra, eta GUDekin harremanak

Marine Le Pen RN eskuin muturreko alderdiko buruak adierazpen hauek bakarrik egin ditu ezbeharra jazo zenetik, duela lau urte eta erditik: "Frantzian onartezinak dira halako jokabide bortitzak". Adierazpenok 2025eko ekainekoak dira, Miraoui hil ostekoak; eta orduz geroztik isilpean aritu da eskuin muturreko politikaria: inoiz ez du Aranbururi buruzko adierazpen ofizialik egin.

Le Penek alderdia "desdemonizatzeko" eta haren irudia talde faxistetatik aldentzeko ahaleginak eta bi egin ditu 2011z geroztik; besteak beste, bere aita Jean-Marie Le Penen Front National por l’Unité Françaaise alderdiaren iruditik aldentzeko. Izan ere, 1972an sortu zuten talde hori, garaiko talde neofaxista ugaritako kideak tarteko: P. Bousquet, Charlemagne Dibisioko Warren SStako kide ohia; V. Barthélemy Frantziako Alderdi Popular kolaborazionistako kide ohia; R. Holeindre eta P. Sergent Organisation de l’Armée Secrète taldeko kide ohiak, eta A. Robert, F. Brigneau eta G. Jeantet, Ordre Nouveau neonaziko liderrak. Bestela ere, jakina da Le Pen aita lehenengoz Frantziako Asanbleako ordezkari bihurtu zenean, 1983an, haren segurtasun-taldeko burua GUDeko kide bat zela.

Dena dela, Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, Antton Rouget kazetari eta eskuin muturrean adituak RNren eta GUD talde faxistaren arteko harremanak argitu ditu. Rougetek talde faxistaren inguruko enpresa-multzo bat identifikatu du RNren hainbat dosierretan, GUD Connection izenez ezaguna. Marine Le Penen alderdiaren iruzur ekonomikoak aztertu nahian, ohartu zen enpresa-taldeak diruz eta aholkularitza juridikoz hornitu duela alderdia, gutxienez, azken hiru hamarkadetan. Izen ezagun batzuk ageri dira txostenetan, Frederic Chatillon enpresariarena kasu.

Izen hori ezagun egin zen 1990eko hamarkadan zehar. Izan ere, Chatillon garai hartan Frantziako mugimendu neonaziko liderretako bat izan zen. Dena dela, hain urrutira joan gabe, kazetariak agerian utzi du 2024ko Frantziako Asanblearako hauteskundeetan elkarlanean aritu zirela GUD Connection eta RN, baita 2024-2025 finantza-aldian ere: enpresa horiek alderdiaren hornitzaile nagusienetako bat izan ziren. Are, enpresa-taldeko entitate bat da E-politic, eta haren buru Paul-Alexandre Martin (Fronte Nazionaleko kide ohia) Le Priolen eta Bouvierren laguna da. Solasaldian, Rouget eta Oihana Teyseyre kazetariak auziaren politizazio maila negargarria nabarmendu zuten: "Jendaurrean entzun diren adierazpen politiko bakarrak Arambururen amarenak izan dira", zioen eskuin muturrean adituak.

Le Penen irudi garbiketa saiakerak eta balizko adierazpen helduak, beraz, ezerezean gelditu ohi dira arestian aipaturiko informazioa kontuan hartuz gero.

Melenchon, La France Insoumise, eta anbiguotasuna

Irailaren 6an, epaiketa hastear zegoela, La France Insoumise (LFI) alderdi sozialdemokrata ezkertiarrak ohar bat plazaratu zuen. Bertan, auziaren nondik norakoak aipatzeaz gain, Aranburu bi neonazik erail zutela adiearazi zuen LFIk, eta hainbat konpromiso hartu: "Asanblea Nazionalean, inkestetan, baita kaleetan ere, eskuin muturraren biolentziari gure baliabide guztiekin egingo diogu aurre", ohartarazi zuen Jean-Luc Mélenchonen alderdiak.

LFIko buruak jendaurrean aipatu zuen behinola Aranburu, joan den otsailaren 17an Parisen eskainitako mitinean. Le moment politique deituriko konferentzia hartan, koiunturaz aritu zen Melenchon, eta, faxismoaren gorakadaz ari zela, 2022az geroztik eskuin muturreko ideiek bultzatuta erail dituzten lagunak aipatu zituen, besteak beste. Azken urteotan, agintaria eta bere inguruak arrazakeriaren eta polizia-indarkeriaren aurkako mobilizazio-olatuetan parte hartu dute, 2023an nahiz 2025ean. Alabaina, RNren antzera, otsailean bertan Lyongo mobilizazio antifaxistetan ez parte hartzeko eskatu zuen LFIk, koalizioko kide bat JGAren sortzaileetako bat izan bazen ere. Epelkeria nabarmena, antifaxismoa kriminalizazio eta ilegalizazio kanpaina betean dagoenean: are, otsailaren 12an LFIko diputatuaren aurkako eraso faxistari aurre egin zioten antifaxistak deitoratu zituen alderdiak. LFI isilik aritu da Aranbururen auzian, ez du harremanik izan senide eta inguruarekin, eta joan den irailaren 6an Parisen errugbi-jokalariari egindako omenaldian ez zen alderdiko ordezkaririk egon.

PSFren oportunismoa

Auzia hastear zela, Frantziako Alderdi Sozialistak (PSF) sare sozialetan deitoratu zuen "gorrotoak abantaila" lortu duela, "eskuin muturra loratu, haren diskurtsoa banalizatu, edota ezikusiarena egin delako", faxismoak bortizki jokatu duenean. Hala, Martinen erailketa ez zuten gertakari "isolatutzat" jo. Adierazpenok egokiak izan badaitezke ere, PSFko primarioak egiten ari diren honetan, eskuin muturraren gorakada RN alderdiaren lehiara mugatzen ari dira Olivier Faure eta antzerako hautagaiak, eta inork ez du hitza hartu Martinen alde.

EH Bai Parisko Krimen Auzitegian

Irailaren 7an, ohar labur bat argitaratu zuen EH Baik sare sozialetan. Bertan, babesa helarazi zien senide, lagun eta gertukoei; bat egin zuen "erailketak errugbi-munduan eta euskal herritar anitzen artean eragindako minarekin", eta justiziari eskatu zion "bere lana" egin zezala, erakusteko "eskuin muturrak ez duela inpunitaterik".

Neurri berean, Peio Dufau alderdiko diputatuak Asanblea Nazionalean zera adierazi zuen epaiketaren lehen saioa hasi aurretik, Parisko Krimen Auzitegiaren atarian: botere judizialaren lana "errespetagarria" dela eta hari dagokiola Aranbururen hiltzaileek jokalaria erail asmoz jardun zuten edo ez erabakitzea, eta ez hautetsiei. Gainera, suzko armen erregelamendua berrikusteko eta gogortzeko eskatu zuen, horien gaineko kontrola areagotu asmoz.