ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/16 11:50

Gasteizen (Araba) agerraldi bat egin dute gaur Gazako bost familiak: Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren (EHKS) eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren babesarekin, euren egoera salatu dute. 2023ko azaroan, Israelgo Estatu terroristak Gazako Zerrendan oldarraldi militarra biziagotu zuenean, 139 hispano-gazatar aberriratu zituen Espainiako Gobernuak; eta berdina egin zuen beste hamabost adingaberekin eta euren senideekin hurrengo hilabeteetan. Gazako familia horietatik bost Gasteizera bideratu dituzte gerora, eta horiexek dira, hain zuzen ere, jakinarazi dutenak Espainiako Gobernuak ez diela behin betiko etxebizitza-alternatibarik bermatu oraindik.

Hispano-palestinar nazionalitatea dute gazatar horietako batzuek, eta adin txikiko hamar pertsona daude tartean. Espainiaratu zituztenetik, estatuan bost aldiz tokialdatu dituzte. "Inoiz ez dute etxe propio eta egonkorrik izan, ostatu pribatuetan eta udal-aterpetxeetan egon baitira, janaria prestatzeko aukerarik izan gabe eta familia-bizitza garatzeko leku nahikorik izan gabe", seinalatu dute gaurkoan EHKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Ohartarazi dute, hala, ez Espainiako Gobernuak ez EAEko eta Gasteizko administrazioek ez dietela aipatutako familia palestinarrei bizitoki-alternatibarik eskaini.

Aterpetxea uzteko epemuga, alternatibarik gabe

Gasteizen, aterpetxeetan nahiz hoteletan bizi behar izan dute Gazako bost familiek. Abuztuan, baina, harrera-programetako arduradunek esan zieten ezingo zutela gaur egun erabiltzen duten aterpetxean jarraitu. Ordea, ez zieten inolako etxebizitza-alternatibarik bermatu. Hainbat luzapenen ostean, helarazi zieten urriaren 31 izango zela aterpetxe hori uzteko azken eguna. Azkenean, baina, badirudi beste bi hilabetez luzatuko dutela hori epemuga, abenduaren amaierara arte.

Gazatarren esanetan, azaldu dietena izan da urriaren 6an Gaza Proiektua delakoa finantzatzeari utzi ziola Espainiako Gobernuak. Eta, Gasteizen, sekulako "labirinto burokratikoa" jasan behar izan dute, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta EHKSk nabarmendu dutenez: Gizarte-Zerbitzuek eskatu zieten euren kabuz topa zezatela etxebizitza-alternatiba bat, aterpetxetik kanporatuak izan aurretik; udal-administrazioek Lanbidera bideratu zituzten; eta aipatutako harrera-programak eskaini die hotel batera joatea, baina astean 400 euro soilik emanda.

Etxebizitza lortzeko ezintasunak

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta EHKSk gogorarazi dutenez, gaur egun "ez dago alternatibarik mahai gainean" Gasteizen dauden bost familia gazatarrentzat. Azken luzapenarekin ere "luzapen bat bestearen atzetik itxarotearen agonia" betikotzen ari direla salatu dute, eta, gainera, familiei esaten dietela "ez dagoela baliabiderik eta beren kabuz bilatu beharko dutela bizitza".

Horri lotuta, baina, agerraldian gogora ekarri dute zein larria den etxebizitzaren egoera une honetan: "Askok alokairuak aurkitu nahi dituzte, baina ez dute lortzen ezin dituztelako jabeen filtro arrazistak eta klasistak gainditu. Nominak aurkezteko eskatzen diete, baina gerratik atera berriak badira, zer nomina aurkeztuko dituzte?".

Familia horietako bat, gainera, alokairu-iruzur baten biktima izan da jadanik. "Kalean egoteko mehatxuaren eta etsipenaren aurrean", 700 euro ordaindu zituzten, teorian, etxebizitza bat ikusi ahal izateko. Etxe hori ez zen existitzen, ordea: iruzur egin zieten.

Espainiako Gobernuaren eta erakunde autonomikoen itxurakeria

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta EHKSk gogor salatu dute Espainiako Gobernuaren eta instituzio autonomikoen itxurakeria. Gazako familia batzuk aberriratu zituztela-eta sekulako propaganda egin eta "argazkia atera" ostean, ez diete bermatu etxebizitza bat, adibidez, Gasteizko bost familiei: "Hainbeste kostatzen al da?".

Hainbat aldarrikapen egin dituzte bost familiek, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eta EHKSren eskutik, Etxebizitza-alternatiba orain! lelopean. Euren asilo-eskaeraren ebazpena ahalik eta gehien azkartu dadila eskatu dute, baita kalitatezkoa eta behin betikoa izango den etxebizitza-alternatiba bat berma diezaietela ere, "aldaketa gehiagorik gabe".

Familiek gaineratu dute Gasteizen eskolatu dituztela adin txikiko kideak, eta bertan "errotu" direla jadanik. "Genozidio bat ikusi beharraren esperientziari ez diezaiogun beharrezkoa ez den sufrimendu gehiago gehitu", azpimarratu dute agerraldian.

NO HAY COMENTARIOS