ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/23 19:24

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek protestak egin dituzte gaur Espainiako Gobernua osatzen edo sostengatzen duten hainbat alderdi politikoren egoitzetan. Zehazki, Nafarroako Alderdi Sozialistak (PSN) Iruñean (Nafarroa) daukan egoitzara, Podemos-Ahal Duguk Gasteizen (Araba) daukan egoitzara, Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) Bilbon (Bizkaia) daukan Sabin Etxera eta EH Bilduk Donostian (Gipuzkoa) daukan egoitzara bertaratu dira hainbat eta hainbat pertsona.

Espainiako Gobernuak eta hura babestu duten taldeek "gerra bultzatu eta miseria hedatzen" dutela salatu dute elkarretaratzeen bidez, eta "alderdi horiek guztiek NATOren finantzazioan eta, oro har, eskalada militarrean duten ardura" seinalatu dute. "Haiek babestu dituzten azken urteko aurrekontu orokorrek %26 areagotu dute gastu militarra, eta, Ukrainako gerra finantzatzeko, NATO indartzeko eta, oro har, gerra-testuingurua sakontzeko helburua dute", diote Kontseilu Sozialistek.

Guztiak bat

Azken hilabeteetan Espainiako Estatuaren "gerrazalekeria areagotu baino ez da egin", Kontseilu Sozialisten esanetan: "Horren erakusle dira Ukrainako gerrara bidalitako Leopard tankeak edota armagintzara bideratutako diru-partidak". Espainiako Estatua eta, orokorrean, "Mendebaldeko bloke inperialista" gerra finantzatzen ari dela nabarmendu dute, bai eta modu argian "gerrarako prestatzen" ari dela ere.

"Parlamentuko alderdi politiko guztiek, eskuinetik ezkerrera", jarrera berdina hartu dute gerrari dagokionez eta "bat egin dute NATOren agenda militaristarekin", Kontseilu Sozialistek gaitzetsi dutenez. Zentzu horretan, azpimarra egin diote "haien burua ezkerrekotzat daukaten alderdien" hautuari: "Gerra-aurrekontuak onartu dituzte, eta, orain, haien burua zuritzeko eta gerraren aurka lerratzen den oinarri elektorala engainatzeko asmoz, zenbait politika zehatzez kexu dira". Kontseilu Sozialistek iritzi diote, ordea, kexa horiek "ez doazela inora": "Gerra-aurrekontuak eta gobernua bera inpugnatu ezean, itxurakeria besterik ez dira".

Galtzailea

"NATOk zuzendutako eskalada militarrak eta kapitalisten arteko gerrak galtzaile argia dauka: mundu osoko langileria eta, bereziki, gerra-eremuan dagoen proletariotza", azpimarratu dute berriz Kontseilu Sozialistek. "Gerraren ondorioak, zuzeneko heriotzetan ez ezik, zeharka ere nabaritzen ditugu gure egunerokoan. Elektrizitatearen, gasolinaren edo elikagaien prezioaren igoera gerrarekin, eta, bereziki, NATOren esku-hartzearekin lotuta daude", xehatu dute: "Instituzio militar horren atzetik dauden enpresari handiak gerraren kontura negozioa egiten ari diren bitartean, langileon bizi-baldintzak okertzen ari dira etengabe. Ez soilik ekonomikoki, baita eskubide eta askatasun kolektiboen alorrean ere".

Mobilizazioak hurrengo astean

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek hiru manifestazio antolatu dituzte hurrengo asterako, NATOren kontra, gerra eta basakeria kapitalista gelditu lelopean. Martxoaren 31n Baionan (Lapurdi) deitu dute mobilizatzera, eta apirilaren 1ean, berriz, Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa).

Duela egun gutxi, margoz markatuta agertu ziren Euskal Herrian armagintzan aritzen diren hainbat enpresa. Pintaketetan, datorren asteko mobilizazioetara batzera ere deitzen zen.

NO HAY COMENTARIOS