ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/16 09:55

2022. urtea hasi zenetik 2024ko ekainaren amaierara bitartean, barne-mailako ia 80 espediente ireki zituen Ertzaintzak kasu "larriengatik" edo "oso larriengatik". Hain zuzen ere, azken bi urte eta erdian, 78 polizia-agenteri egin dizkie diziplinazko espedienteak Ertzaintzako Barne-Arazoetako Unitateak, irregulartasunak direla-eta.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak eman du datu horien berri Eusko Legebiltzarrean, baina ez ditu aipatutako espedienteen nondik norakoak azaldu: ezkutuan mantendu du ertzainek egindako irregulartasun "larri" eta "oso larri" horien inguruko informazio guztia. Berez, EAEn indarrean dagoen Polizia Legearen arabera, kasu "oso larrietan" bi urterainokoa izan daiteke atzemandako ertzainari ezarritako etenaldia, eta "zerbitzutik baztertzea" ere aukera bat da.

Badirudi ertzainen irregulartasunei buruzko 35 espediente izan zirela 2022an, 28 espediente 2023an, eta hamabost 2024ko lehenengo sei hilabeteetan. Gaur egun, teorian, 7.400 ertzainen jarduna ikuskatzen du Ertzaintzako Barne-Arazoetako Unitateak.

Hamaika eraso

Azken hilabeteetan ere, Ertzaintzaren hainbat esku-hartzek eta erasok sortu dute polemika. Abuztuan bihotzekoa izan eta bizia galdu zuen pertsona batek Irunen (Gipuzkoa), Ertzaintzak geratu zuenean; zenbait egun lehenago, ertzain gizonezko bat bere bikotekidea erailtzen saiatu zen Donostian (Gipuzkoa), eta agente horrek iazko azaroan eskatu zuen erregistroan sexua aldatzeko, emakume modura erregistratzeko; maiatzean jakinarazi zuten ertzain batek sexu-erasoa egin ziola indarkeria matxista jasandako emakume bati, 2021ean; martxoan agerraldi psikotiko bat pairatu zuen pertsona bat hil zen Astigarragan (Gipuzkoa), Ertzaintzaren esku-hartze bortitz batean, eta hildakoaren lesioak "bere buruari egindakoak" zirela esan zuen gero Poliziak, eta abar luze bat.

Hori gutxi balitz, Ertzaintzaren karga izugarriak izan ziren urteko lehen erdian hainbat herritan: Tolosan (Gipuzkoa) Inauterietan, Bilbon (Gipuzkoa) eta Donostian hainbat futbol partidaren aurretik (Ertzaintzaren erasoak justifikatzen segitzen du Jaurlaritzak), Gasteizen (Araba) Marrtxoaren 3ko manifestazioan eta Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) mobilizazio baten ostean, eta abar. Karga horietan, denera, ertzainek zazpi lagun zauritu zituzten foam jaurtigaiekin; eta beste dozenaka zauritu zituzten borra-kolpeka edota furgonetarekin harrapatuta, Gasteizen Martxoaren 3an bezala.

NO HAY COMENTARIOS