AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/03 14:30

48 urte bete dira gaur Gasteizko (Araba) sarraskitik. 1976ko martxoaren 3an, Espainiako Trantsizioko agintzaritzen manuz, Zaramagako eliza batean bilduta zeuden milaka langileren kontra jo zuen Espainiako Poliziak. Ehunka langile zauritu zituzten polizia-indarrek, eta tiroz erail zituzten bost: Bienvenido Pereda Moral, Francisco Aznar Clemente, Jose Castillo Garcia, Pedro Maria Martinez Ocio eta Romualdo Barroso Chaparro. Gertaturikoaren harira izandako protestetan, gainera, beste bi lagun hil zituen Poliziak.

Urtero bezala, gaur, mobilizazio jendetsu batek oroitu ditu eraildako beharginak Gasteizen: milaka pertsona atera dira kalera. Besteak beste, Bloke Sozialista bat izan da manifestazioan, Gasteizko Kontseilu Sozialistak deituta. Atzoko eta gaurko borrokaz, langile boterea eraiki lelopean egin du aurtengo deialdia.

Sarraskiaren urteurrenaren harira, Kontseilu Sozialistak nabarmendu du "behar-beharrezkoa izaten jarraiten" duela "klase-antolakuntzaren aldarriak": "Duela ia mende erdi bezala, burgesiak proletalgoa zapaltzen jarraitzen du eta sistema kapitalistaren oinarriek bere horretan jarraitzen dute". Azaldu du, gainera, "azken urteetan kolpatu gaituen krisi testuingurua proletariotzaren bizi-baldintzen zein baldintza politikoen aurkako klase-ofentsiban" oinarritzen ari dela.

"Egoera horretan, estatu kapitalistaren joko politikoan parte aktibo diren alderdi profesional guztiek, eskuin ezker, hobekuntzaren eta erreformaren promesa faltsuak zabaltzen dituzte lau haizetara", seinalatu du bestalde Kontseilu Sozialistak: "Azken urteetan ikusi dugu, baina, ezkerrekoak deritzoten gobernu progresistenek ere ez dutela proletariotzarentzako alternatiba errealik eskaintzen". Hortaz, ezinbestekotzat jo du "instituzioen fartsa salatzea eta langileriaren antolakuntza independentearen alde egitea".

Kontseilu Sozialistak azpimarratu du "langile mugimenduaren autoantolakuntzari eta borroka-esperientzia anitzei esker lortu izan dituela proletariotzak orain arte izandako baldintza ekonomikoak eta politikoak". Uste du, hala, "adierazgarria" dela "langile antolakuntza autonomoak indarra galdu duenean baldintza eta eskubide horiek murriztu" izana.

"Martxoaren 3a memoria iraultzailerako eguna da Gasteizko langileriarentzat. Langile borroka independentearen beharra aldarrikatzeko eguna. Hau da memoria ariketarik kontsekuenteena", esan du: "Atzoko borroken esperientziak balio dezala gaur langile antolakuntza hedatzeko".

Ertzaintzaren kargak eta atxiloketak

Gasteizko sarraskiaren urteurrena dela-eta urtero izaten den mobilizazioan gogor oldartu da gaurkoan Ertzaintza. Sekulakoa izan da polizia-dispositiboa, eta erdigunean egin dute ertzainek manifestarien kontra, Corte Inglés saltokigunetik gertu. 12:30ean hasi da manifestazioa Zaramaga auzotik, eta 13:30ak aldera izan dira kargak. Erasoen ondorioz, mobilizazioa bitan zatitu du Poliziak.

Foam jaurtigaiak nahiz gomazko pilotak erabili ditu manifestarien kontra Ertzaintzak, eta hainbat pertsona zauritu ditu. Horietako bati, esaterako, polizia-furgoneta baten bidez zanpatu diote hanka agenteek. Itxura denez, gutxienez hiru pertsona eraman dituzte atxilo.

Gaurkoan Poliziaren jazarpena jasan dutenei elkartasuna adierazi eta atxilotuen askatasuna exijitu du Gasteizko Kontseilu Sozialistak. Ohartarazi du "borroka egun bat" izaten jarraitzen duela Martxoaren 3ak, eta berriz erakutsi duela "bere funtzioa zein den" Poliziak: "langileon aurkako errepresioa". "Duela 48 urte egin bezala, gaur egun ere enpresarien eta politikari profesionalen sistema bere horretan mantentzeko funtzioa du Poliziak", salatu du.

EZ DAGO IRUZKINIK